Hitzaren Eskolako bosgarren edizio honetan Ibon Aranberri izan da bigarrena, eta bere hilabetearen kronika da hau.
IBON ARANBERRI: IRUDIA ETA TESTUA
Lehen saioan markoa jartzea tokatzen zen, kokatzea, ildoak aurkeztu eta fokalizatzea, eta hasteko irudiak partekatu nituen, arte garaikideak bizi dituen hiru gatazka agerian jartzeko.
Bat dikotomia da, paradoxa ere ematen duena: batetik irudiaren nagusitasuna dago, baina bestetik, eta aldi berean, hitzarena. Horrek mediazioaren gailentzea ekarri du, eta gaur egun erakusketa batean lanari buruzko azalpenak daude, eta ematen du hori gabe ezin dugula arte erakusketarik ikusi.
Bestea da irudia noiz den testu, eta testua noiz den irudi, arte garaikidean dexente erabili den estrategia baita. Adibide batzuk jarri nizkien, arte kontzeptuala deitutako horrenak, esate baterako, tartean On Kawara, besteak beste.
Eta hirugarrena da hitza eta letra nola ulertu praktika artistiko gisa, artista askok erabili izan baitu hitza eta idazketa praktika artistikorako bide.
Lehen saio honek bakoitzaren lekua ikusteko balio izan zuen, eta arte garaikidearekiko dauden aurreiritzi batzuk azaleratzeko ere bai.
Bigarren saioa Susan Sontagen Interpretazioaren kontra testua irakurriz hasi genuen, Olatz Otalorak euskarari ekarria. Ez ordea testuaren analisia egiteko, ariketarako atari baizik. Protokolo bat jarri genuen martxan, Hirugarren Txoriaren Ordenaren protokoloa, arte-objektu batengana nola hurbildu gaitezkeen proba egiteko. Protokolo honek lau pauso ditu, eta pauso bakoitzak zazpi minutu irauten du. Hauxe da pausoen hurrenkera: Enkontrua, Hurbilpena, Negazioa eta Adiskidetzea. Horren ondoren, bakoigtzak testu bat idatzi behar zuen, epaitu gabe, obserbazioz. ordubete izan zuten testua idazteko. Ondoren, bakoitzak bere testua irakurri zuen eta kolokioa egin genuen.
Hirugarren saioan artelanen jatorriaz eta prozesuaz hitz egin genuen, eta gero, Miren Jaio irakasle gonbidatuarekin, artelanen izenburuez.
MIREN JAIO: MAPAK ETA IZENAK
Aspalditik ezagutzen dut Ibon Aranberriren lana, oraintxe bertan bere liburu baterako testu bat idazten aritu naiz, eta deigarriak egin zaizkidan bi kontu ekarri nahi izan ditut: mapak eta izenburuak.
Mapak ere idazteko modu bat dira, idazketarekin batera samar sortuak, eta Ibonek oso garai desberdinetan erabilitako bi mapa ekarri nituen hasteko. Lehenbizikoa Arantzazu azpiko kobazuloa itxi zuenean egindako mapa bat da, duela hogei bat urtekoa, eta bigarrena oraingoxea, Artium museoan jarri duen Entresaka erakusketarekin lotuta egindakoa Kinuko partaideekin. Artista batek mapak zertarako erabiltzen dituen galdetu nion Iboni.
Lanen izenburuak ere atentzioa eman izan didate beti Ibonen kasuan, batez ere euskarazkoek, plastikoak eta dinamikoak izatea lortzen baitu, ez ixtea inondik inora lanaren esanahia, justu kontrara baizik, ikusleari aukerak zabalduz, eta horiei buruz aritu gara azken zatian.