Grafiaz betea

Ikusizko Orden Berrian bizi gara arte teoriko batzuen ustez. Ezin da ukatu irudiz gainezka daudela gure eguneroko bizitzak, eta irudi bitartez komunikatzen garela geroz eta gehiago. Irudian bizi gara eta irudiak bizi gaitu. Argazki kamera bana daramagu aldean, eta argazkiz beteta daude gure telefono (ez hain) inteligenteak. Argazkiak jada ez dira albumetan gordetzen, telefonoen memorian galtzen dira…

Paradoxa dirudi, baina gaur inoiz baino beharrezkoagoa (eta zailagoa) da irudi bat sortzea, eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zer edo zer esango diguten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik beharrezkoa. Irudiaren gainean hausnartzea ezinbesteko bihurtu zaigun bezala. 

Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor… Eta nola jartzen dira irudiak zirkulazioan, non galtzen dira, non pausatzen, non eusten diote denboraren joanari, nora joaten dira inork ikusten ez dituenean…

Bi gauza diferente dira begiratzea eta ikustea. Batzuetan ez diegu begiratu ere egiten irudiei, besteetan begiratu gabe ere ikusi egiten ditugu. Eta mutur batetik besterako tarte hori da guk lana egiteko lekua. Eta irudiek ze funtzio betetzen duten pentsatzekoa.