Mugimendua indar eta indarra argi bihurtzeko tresna da Dinamoa. Sormen gune zabala da, anitza, askea, irekia; sormen diziplina eta adierazpen orori bide emateko laborategia. Sortzaileek lan egiteko lekua da, babesa eta giroa. Euskalduna, Euskal Herrikoa eta mundukoa. Inorena ez baina denona, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, sorkuntza nork bere baitatik kolektiborako jauzia baita. Mundua ulertzeko eta mundua kontatzeko aukera da Dinamoa.

Herriko kultur mugimendua berritu eta biziberritu asmoz jaiotako gunea da. Lanerako lekua. Sormena eta Transmisioa ditugu ardatz. Gauza bera azkenean, txanponaren aurkia eta ifrentzua: iraganari etorkizun bat ematea, eta etorkizunari iragana, baina hemen eta orain bizi garela aintzat hartuta. Horretarako, sormen jardun desberdinei denbora, arreta eta bitarteko egokiak eskaini behar zaizkie; prozesuari eta bideari eman garrantzia; sormen askatasuna bermatu, sortzaileak babestu; eta bidean komunitatea indartu, dinamikan bertan parte hartu eta erabakimena izan dezan.

Sortu

Deialdi irekia, nork bere proiektuak aurkezteko; sormen egonaldiak eta eginaldiak. Nork bere proiektuak landu eta gauzatu ahal izateko, taldean zein bakarka, baina ez bakarrik, komunitate baten baitan, sorkuntza kode partekatuan oinarrituta.

Ikasi

Tailerrak, mintegiak, ikastaroak, mahai inguruak, hitzaldiak… ikasteko aukera mila formetan ekarria. Taldean nahiz bakarka sormen praktiken formazioan sakondu eta sormina asetzeko abagunea.

Eman

Jakintza eta esperientziak elkarbanatu nahi ditugu. Dakigunetik eman eta jakin nahi dugunetik jaso, hartu eta ematearen ariketa kolektiboaz elikatu. Mediazio esperientziak bizitzea, sormen prozesuak konpartitzea eta transmisioa norantza orotan barreiatzea.

Hitza

Sormen lanaren ardatzean hitza daukaten adierazpide eta jardunentzat dago pentsatua Hitzaren eremua. Ahotik orrira, begitik belarrira, hitzak har dezakeen edozein forma lantzeko lekua da hau. Literatura, bertsolaritza, itzulpengintza izan litezke batzuk. Hala ere, diziplina bakoitzaren teknikak eta berezitasunak nabarmendu baino, hitza bere osotasunean hartu eta landu nahi dugu hemen. Ohikoaren ohikoz ikusezin bihurtu da hitzaren ahala, bere xumean gure eguneroko bizitza egituratzeko daukan gaitasuna. Hitzak ekintzak dira.

> Eremuko Proiektu Ardatza: Hitzaren Eskola.

Irudia

Bizi gaituen mundua idazteko behar diren grafia guztiak eskura jartzeko eremua da irudiarena. Irudiak dena hartu du aspaldian: dena da irudia, eta denean dago. Irudiak sortzea inoiz baino errazagoa da, auskalo zenbat egiten ditugun egunero, ohartu gabe; prozesua azkarra da, automatikoa kasik. Irudiaren eremua automatismo hori deseraikitzeko lekua da, prozesua aztertzeko, moteltzeko, gelditzeraino. Irudiaren barrunbeetan arakatzeko, hankaz gora jartzeko, mundua bere horretan emango duten irudiak baino irudia bere horretan emango duen mundu bat egiteko.

> Eremukako Proiektu Ardatza: Irudikaria.

Gorputza

Gorputza da arte bizien muina eta arrazoia, gorputza eta honek berekin dakarren guztia: bere mugimendua, bere indarra, bere formak, bere adierak, bere kontraesanak, bere luzapenak, bere hustasunak, bere espazioak, bere bakardadeak eta bere kolektibitateak, bere ezkutukoak eta bere agerikoak. Arte bizi horien baitan biltzen dira antzerkia, dantza, zirkua, clowna eta bestelako hainbat proposamen eszeniko. Adierazpide guzti hauek arte plastikoekin, ikus arteekin eta idatzizkoekin nahasten diren lekuan hausten dira oholtzaren mugak. Hauei guztiei lekua eman nahi die gorputzaren eremuak.

> Eremuko proiektu ardatza: Oholtzaberri.

Soinua

Soinuaren ezaugarririk ederrenetakoa mugarik behar ez izatea da, markorik eza. Soinua hor dago, gertatu egiten da eta soinu gertakarien aurrean, entzuteaz gain aditzea proposatzen dizugu, tentuz erreparatzea. Belarriek betazalik ez dute eta soinuak dira gugana etortzen direnak, arreta eskatzen digutenak. Musikaren soinu mugetatik haratago inguratzen gaituen hotsen oihan bat dugu arakatzeko. Soinuzko memoria, musika esperimentala, ikerketa, soinu instalazioak, hotsen antropologia, soinuaren kultura eta pedagogia… hamaika entzuteko jaioak gara. Soinuaren izate desberdinen kontzientziaz ikasi eta gure ingurua beste belarri batzuekin entzunez sortzeko aukera dugu eremu honetan.

> Eremuko Proiektu Ardatza: Errati.