GURE MARRAK, munduko kontakizunen ilustrazio bilduma

Gure Mintzak proiektua jarri genuen martxan Dinamoan 2020an: “Gure inguruan hitz egiten diren hizkuntzen aniztasuna eta jatorri ezberdinetako herritarren aberastasun kulturala saretzeko egitasmoa”. 12 lagun grabatu genituen orduan, eta bakoitzari bere kulturatik zerbait aukeratzeko eskatu genion. Iaz, lagun horiek ekarritako kontakizunak ilustratzeko tailerra antolatu genuen, tailerra bukatzean kontakizun ilustratu horiek argitara emateko asmoarekin.

Bilduma fisikoki argitaratzeko aukera izan genuen ondoren, eta orain honez gain sarean ikusi eta irakurtzeko aukera jarri dugu, eskuinaldeko zerrenda honetan, banan-banan. Gozatu!

Hemen topatuko duzun liburu bilduma mintzaz mintza osatzen den mundu baten adibidea da, ezin konta ahala jenderen lanak egin duena posible. Munduan zehar kontatutako istorioak iritsi dira azkenean munduak Azpeitia izena hartzen duen tokira, eta kontakizun horiek liburu honetara ekartzen egindako lanagatik eskerrak eman nahi dizkiegu guzti-guztiei.  

Gure Mintzak izeneko proiektua jarri genuen martxan Dinamoan 2020an, gure inguruan hitz egiten diren hizkuntzen aniztasuna eta jatorri ezberdinetako herritarren aberastasun kulturala saretzeko egitasmoa, eta hortik eratorri ziren kontakizun hauek, hainbat hizkuntzatan emanak.

Gure Marrak izeneko tailerra antolatu genuen gero, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria zirela gidari, kontakizun hauetako bakoitza irudiz ere emateko, ilustratzeko, eta horren guztiaren emaitza da liburu hau, mintzaz mintza eraikia, eta mundu bereko mintzakide bihurtzen gaituena.