Itxialdiaren ostean, ekainean eman genion bukaera azkenean Hitzaren Eskolako lehen edizioari. Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elortza eta Lorea Agirre. 6 irakasle, bakoitza hilabetez, 15 ikasleko taldearekin. Oso egitura sinplea ezarri genion eskolari, erabat libre utziz bakoitzari bere eskoletan zer eta nola eman.
Ebidentzia batetik abiatu ginen: hitzak josten du gure bizitza, pentsamendua eta jarduna. Eta egunerokoa izanagatik ez gara ohartzen bere botereaz, gure bizitza egituratzeko duen ahalmenaz.
Hitza bera ardatzean jarrita egin nahi genuen eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin.
Hitza ardatz hartuta aritzea zen kontua, jardutea, esperimentatzea, praktikatik ikastea. Eta ikasketa hori bakarka egin beharrean taldean egitea, hartu eta ematea. Denok ibili gara oso gustura, eta jada gogoz gaude bigarren edizioak zer ekarriko duen ikusteko. Andoni Egaña, Maddi Barber, Iñigo Aranbarri, Haizea Barcenilla, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe. 6 irakasle, bakoitza hilabetez, 15 ikasleko taldearekin. Irailean hasiko da abentura honen bigarren edizioa, ondo bidean.