Hitzaren Eskolako laugarren edizio honetan Joseba Sarrionandia izan da bigarrena, eta bere hilabetearen kronika da hau.
JOSEBA SARRIONANDIA: HITZEN JOLASAK ETA ONDOEZAK
Ikastaroko hiru egunetan egin duguna izan da lexikoaren inguruan, hitzei buruz, hausnatzeko proposamen bat.
Helburua da ohartzea, alde batetik arauen, normaren eta sistemaren garrantziaz, eta bestetik ALDAKETA LEXIKO ETENGABEAz eta HITZ-SORMENAren balioaz. Ideia da norma gauza estua dela, baina sistemak askatasun handia ematen duela.
Sormen lexikalari dagokionez, Markos Gimenok utzitako lana analizatu dugu batez ere. Markosek hiru alorretan egin zuen lan handia:
PALINDROMOAK. Azti-hitza, hizpilua, sispanasis… Kirikiñok lehiaketa bat antolatu zuen 1923an. B. Egitiz (Bernardo Garro): “Atso, nun otsa?” (Atso, nun hotsa?) “Orozkon enok zoro” (Orozkon ez nauk zoro). Baina Markos Gimeno izan da euskarak izan duen palindromista handia: “Esanik erruz egi bat eta bi gezurrekin ase”; “Autore erotua”; “Nik eta Bogartek ke trago batekin”; “Ze nekeza inori atea irekitzea eztikeria eta ironia zekenez”…
HITZ ASMATUAK. Hitzokein lan egin zuen Markosek, hitzak zentzu ludikoan asmatzen. Apologia: Apoei buruzko zientzia; Apokalipsi: Munduaren akabera, apoentzat; Apo (desarmatu): “Apoarmatua inoiz ez zanpatua” esaten dute apo batzuek, apo desarmatuaren zanpatu patua berezkotzat onartuz.”
KALENBURRAK. Markosek, letrekin ez ezik, asko jokatu zuen ahozkotasunarekin eta homofonia joko asko egin zuen, batez ere euskara eta gaztelania kontrastatuz. Peru Magdalenak esplikatu du parte hau modu praktikoan.
Hitzen, gure hizkuntzaren materia elemental horretaz kontzientzia hartzeko ariketa batzuk egin ditugu. Esate baterako, ikasle bakoitzak dituen HITZIK GUSTUKOENAK konpartitu ditugu, hitz domestiko erdi galduak edo hitz ezagunak, hitz arraroak edo hitz oso normalak…
Gainera, HITZ DESAGERTUAK edo ja erabiltzen ez diren hitzei buruz jardun dugu. Noiz desagertu ziren, zelan…
Eta, alderantzizkoa, euskal lexikora oker sartu ziren HITZ MAMUAK ere aipatu ditugu. Analizatu ditugu bereziki 1596ko Refranes y Sentencias liburutik, itzulpen okerraren ondorioz, eta Manuel Larramendiren bidez, pasatu ziren hitzak. Hapax pila bat dago liburu horretan, oso posible da itzulpen oker hutsak izatea: oñon; azaga; zeia; zirola; bezuza… Liburu zahar horretako hitz eta esaera zaharrak errepasatu ditugu. Ba, horixe egin dugula uste dut. Helburua, uneoro erabiltzen ditugun hitzei buruz hausnartzea izan da, kontzientzia sortzaile batekin begiratzea hitzei. Ikasleen aportazioa ze interesgarria izan den ikusita, uste dut apur bat behintzat lortu dela.
PERU MAGDALENA: MUNDUAREN MUGAK ZABALTZEN
Joseba Sarrionandiak sasoi bat darama Markos Gimenoren oinordetza artistiko guzti horri bide bat eman nahian, eta Hitzaren Eskolan ematekoa zen Markos Gimenoren figura, bere palindromoak, bere berbajolasak… hitzak nondik sortzen diren, hitzak sortzeko ariketak, eta halako batean, Markosek egindako beste lan ildo bat ziren kalenburrak, eta horien inguruan jarduteko, eta kalenburrekin Markosek egina zeukan ikuskizun moduko bat hona ekartzeko gonbitea egin zidan.
Sarrera moduko bat egin dugu, Markos nola ezagutzen nuen, nolakoa zen, ze gaitasun zeuzkan, zer aportatzen digun, ertzak nola zabaltzen dizkigun. Gero sartu gara kalenburrak zer diren aztertzen, adibideak irakurtzen joan gara, kalenburrak egiten saiatu ere bai, eta bukaeran kalenbur elebidunekin zeukan ikuskizun horren berrinterpretazio bat egin dut, ze berez nahiko zoro eta librea da, eta orduan, nik, neurera ekarrita, egin dut 22 kalenbur pare horien aurkezpena edo, performance txiki bat.
Palindromoekin, kalenburrekin, berbekin jolas egiten duten ariketa guzti hauek, hasteko geure hizkuntzaren mugak zabaltzen dituzte. Fenomeno generatiboa da hizkuntza, jarraitzen dugu sortzen eta birsortzen eta leku berrietara heltzen, ertzak zabaltzen ditugu, eta ertzak zabaltzea beti da ona gero nasaiago ibiltzeko. Eta gero, jabetu egiten zaitu hizkuntzaz, eta hizkuntzaz jabetzeak egiten zaitu jabeago zeure pentsamenduaz. Ludwig Wittgensteina: nire hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak. Orduan, zenbat eta hizkuntza zabalagoa eduki, mundua era halakoxea daukagu. Pentsamendua zabaldu egiten da. Ahaldundu egiten gaitu, gauzak izendatzeko gaitasuna daukagu, edo sortzeko izen berriak. Zabaldu egiten du mundua. Eta gero gainera hori egiten badugu jolasaren bidez, barrea, surrealismoa, absurdoa… niri behintzat pila bat gustatzen zaidan bide bat da hori.
Landa elurtua da zerebroa, eta azkenean, ibiliaren ibiliaz, beti bide berdina egiten dugu, gure lera bide horretatik doa. Eta kontu honekin, beste bide batzuk zabaltzen dira landa elurtu horretan, dibertidoak, potenteagoak. Zoragarri.