Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor…

Mundua idazteko erabiltzen diren grafia guztiak aintzat hartu eta geuk ere mundua idaztea pentsatu dugu irudiz, taldean, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, giro onean, eskura ditugun hainbat eta hainbat grafia erabilita. Ikasturte bakoitzean sei saio egingo ditugu, eta saio bakoitzean grafia bat hartuko dugu ardatz. Saioak Dinamoan izango dira eskuarki, inoiz kanpora irtengo badugu ere, hileko azken ostegunean, 18:00etatik 20:00etara. 

Bigarren ikasturte honetarako sei grafia hauek hartu ditugu lanerako aitzakia:

  • Stencil
  • Serigrafia
  • Animazioa
  • Risografia
  • Fotografia
  • Grafitia

Irailaren 28an ekingo diogu Grafiaz Betea proiektuaren bigarren edizioari. Edizio berri honetan parte hartzeko bonua hemen eskuratu dezakezu. 

Patxi Juaristi artista azpeitiarrak gidatuko du stencil modura ezagutzen den txantiloi bidezko margoketa teknika honen inguruko tailerra. Bere lanak ezagutu eta kale artean izandako esperientziak partekatzeko aukera izango da lehen saioan. Saio honetarako sarrera ondorengo estekan lortu dezakezu.