Kulturaz kultur kooperatibak sormena babestu eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, DOI erakusketa programa jarri du abian. 

Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da ekimen hau, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan. Sormen jardunaren zirkulua itxi eta komunitatea elikatzen jarraitzea da kontua.

Eta komunitatea diogunean uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun gehiago ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea.


DOI 03: JOKIN GURIDI URRUTIA

Batzuetan etorri egiten dira gauza onak. Sormen egonaldien deialdia egin genuen Dinamotik, eta zain egotea besterik ez zitzaigun geratzen. Egun horiek urduritasun amiñi batekin bizi dituzu, bizi ditugu, emango al du inork izena, zer proposamen ekarriko ditu jendeak, izango al gara merezi duten bezala laguntzeko gai.

Batzuetan gauza onak etortzen dira. Izen emate orria begiratzen duzu egu- nero, zer ote dakar gaurko egunak, eta bat-batean izen bat agertzen da:

Jokin Guridi Urrutia. Hau ez al da Eyhartsekoa? Eta lankideak proiektua aztertzen ari diren bitartean zu digresio txoroekin hasten zara, beti bezala: ba al dakizue lehen astronauta euskal herritarra dela Eyharts, Leopold, Miarritzen jaioa?

Batzuetan gauza onak etortzen dira, federik ez daukazunean ere. Nola egingo du ba hiru bider hiruko kubo bat? Eta gero etortzen da Jokin, isil-isilik, lan eta lan, egungo teknologiaren artisaua bailitzan, eta zu konturatzerako montatu du kuboa, jarri ditu proiektore batzuk, eta irudien artean galtzera gonbidatzen zaitu.

Badago joera, geuk hauspotua askotan, sormena prozesu misteriotsu, kaoti- ko eta ia azaldu ezina dela esateko, horretara jarri ez den batek inoiz ulertu ezingo lukeena; iniziatuentzako kontu bat, alegia. Eta ez da hala, inondik ere. Sormenak behar ditu: adi egotea, arreta jartzea, munduak nola funtzio-natzen duen ulertzen saiatzea, eta hala ere ez ulertzea, edo ez konformat- zea behintzat eman zaizun mundu horrekin, eta ederrago bat asmatzeko tresnak bilatzea.

Tresnak bakarrik ez du ezer sortzen, baina tresnak erabiltzen jakitea ezinbes- tekoa da edozer sortzeko. Jokin Guridiren kasuan, soinuak eta irudiak elkarri nola eragiten dioten aztertzen du, eta horrekin egiten du jolas, gizakia tar- tean sartzean denean ze erreakzio sortu daitezkeen ikusteko.

Horrela sortzen da hiru bider hiruko mundu bat, bizi garen mundu honen baitan, bizi garen mundu hau baino hagitzez ederragoa.

Jokin Guridi Urrutiak ondu duen erakusketa Dinamoa sormen gunean egongo da ikusgai:

Irekiera maiatzaren 17an egingo dugu, 18:00etan. 

Maiatzaren 31ra arte egongo da irekita, hau barne.

Astelehenetik ostiralera: 17:00-19:00 

Hemen duzu erakusketaren inguruko txosten osatua

 

Argazkiak:

Sormen egonaldia: Jokin Guridi