Napoka Iria desegin ondoren hainbat proiektutan ibili zen Ander Mujika musikari, baina denbora baten ondoren tiraderan gordeta zituen zirriborroak atera eta oso berea izango zen zerbait marrazten hasi zen. 2017 eta 2019 artean egindako zirriborroen artetik garbiketa egin, txukundu, landu eta hortik 6 pieza eta kantu bat bildu zituen (6 soinu ‘piezak’ dira eta Fuji izenekoa, kantua da).

Bakardadea hotza eta arrotza da, eta kontrapuntu eta berotasun bila Felix Buffena jo zuen (willis drummond, Joseba Irazoki eta Lagunak, Botibol…). Aspaldiko laguna eta taldekidea izan du Felix; bateria jolea baino musikaria da. Berak eman zizkion bestelako geruzak eta soinuak. Bien artean azken ukituak eman eta Johannes Buffi (Dalek, Zombie Zombie, Thurston Moore…) pasa zioten pieza bilduma. Honek soinua borobildu eta nahasketa txukundu zuen. Azkenik Maialen Belaustegik (aka Dodoma) gardenkien proiektore bat baliatuz diskoaren inguruko irudi guztia landu zuen.

Hasieratik argi ikusi dute soinu eta irudi geruzez baliatuko zirela emozioen munduan punta batetik bestera joateko. Testurak sortu zituztela konturatu ziren, mihise baten gainean soinu koloreak gehituz eta aldatuz.

Hasieratik argi zeukaten irudi analogiko-natural bat sortuko zutela, zuzenean nabarmen gera dadin irudiaren garrantzia. Ez zuten inolako asmorik performance bat sortzeko, eta ez dute uste euren irudiak garrantzi handirik duenik. Nahiago zuten soinuarekin batera joango zen iruditegi bat sortzea.

Zuzenekoa prestatzeko momentua iritsi zenean baldintza bereziak behar zituztela ohartu ziren eta laguntza eske jo zuten Dinamora. Proiektua gauzatzeko behar zuten guztia topatu zuten hemen. Dinamoko areto nagusiko horma zuria aproposa zen gardenkien proiektoreekin lan egiteko eta akustika aldetik orekatua iritzi zioten.

Egonaldiaren lehen fasean soinua landu zuten Buff anaiek eta Anderrek. Set osoa prestatu eta lantzeko hiru egunez lan egin zuten Dinamoan. Bigarren fasea set hau zuzenera eraman, emaitza aztertu eta irudiarekin uztartzeko erabili zuten, beste bi egunez.

Irudia eta soinua ahalik eta bateratuen izate aldera musikariak eta “proiekzionista” espazio berean jardutea erabaki zuten. Soinu sistemaren aurrean (kontzertuetan gertatu ohi ez den bezala) egotean emaitzaren gainean kontrola totala zela konturatu ziren. Johannes berak kontrola du emaitzaren gainean, soinu teknikari lanak zuzenean musikariarenarekin banatuz. Honek bigarren abantaila bat ere badu, inmertsioa. Soinua “gainean” izateak kontrola emateaz gain honen barnetik lan egiteko aukera ematen du.

Espazioan modu honetan kokatzeak, hau da, publikoa dagoen espazioan kokatzeak ikuslearen eta eszenatokiaren arteko mugak lausotzen ditu, laukotearen jarduna bera emaitzaren parte bihurtzen delarik. Performancea egin ordez nahiago izan dute jarduna bera gertutik bistaratzea.

Sormen egonaldia
2019.12.27-2019.12.29
2020.01.07-2020.01.08

Aurkezpen kontzertua
Ikusentzunezko emanaldia
2020.10.20 asteartea · 20:00
AFORO MUGATUA