Kulturaz kultur kooperatibak sormena babestu eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, DOI erakusketa programa jarri du abian.
Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da ekimen hau, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan. Sormen jardunaren zirkulua itxi eta komunitatea elikatzen jarraitzea da kontua.
Eta komunitatea diogunean uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun gehiago ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea.
DOI 02: PELLO ULAZIA IBARZABAL
Lehendik ezagutzen genuen Pello Ulazia, eta estimatzen. Bai bera eta bai bere lana. Hala, pandemia ostean etxean egindako lan batzuk zeuzkala eta haiekin jarraitzeko lekuren bat utziko ote genion galdezka etorri zitzaigunean, ez genuen zalantza izpirik izan. Zuretzako beste etxe bat izatea espero dugu Dinamoa.
Egutegian, bileretako aktetan, artxiboetan hor egongo da noiz etorri zen lehen aldiz, baina ze axola du, oraindik ez da erabat joan, eta hori da inporta zaiguna. Artista bati bere bidea egiten laguntzea da gure zeregina, eta poza ematen digu gurean gustura dagoela jakiteak. Bere lan batzuk oparitu zizkigun, sarreran dauzkagu jarrita. Etxeko sarreran, alegia.
Etxean sartu gintuztenean, 2020ko martxoan, garbi samar geratu zitzaigun bukatua zela ordura arte mundua ikusteko genuen modua. Nabarmen geratu zen, esaterako, gurpilak biraka jarraitzea zela eta dela beti helburua, ekonomia esaten diogun hori, gutxi batzuren aberastasuna eta gehienen miseria esatea ere balegokeena, ordea. Eta etxea, babesa zena ordura arte, itxitura ere izan daitekeela ohartu ginen. Kaxa bat.
Nola ihes egiten da kaxa batetik, ezin denean inora joan? Ba kaxa deseraikita. Kaxa bat zer den pentsatzen hasita.
Eta horixe da Pello Ulaziak egin zuen ariketa. Lehendik ere bazekarren etxearen inguruko ikerketa estetiko bat, artearen funtzioaz eta artistaren konpromisoaz batera, eta bide horretan egindako beste urrats bat da Kartoia, papera, guraizeak.
Eskura zeuzkan materialak eta tresnak dira, edonork dauzkanak etxean. Batez ere seme-alabak dauzkazunean. Zenbat kaxa, zenbat paper, zenbat guraize sartzen dira etxean? Zenbat kaxa sartzen dira kaxa baten barruan? Zer da familia bat, ez bada bata bestearen baitan sartuz osatzen den matrioxka bat?
Pello Ulazia ez da ezkutatzen. Artista da, eta konpromisoz bizi du jardun hori. Ez du ezkutatzen nondik atera dituen collagetarako irudiak, ez du ezkutatzen zeinenak diren poesia bisualetarako erabilitako testuak, ez du ezkutatzen zer ekarri zuten kaxa horiek etxera, berera edo besterenera, eta paradoxikoa ere bada, zapatak dira batez ere, converse, vans, oinetakoak, etxetik irten ezin zenean.
Zorrotza da, eta printzipioak dauzka: ez du erroparik erosten online. Baina kaxak biltzen joan zen konfinamendu garaian, bai eta ondoren ere. Zorrotza izateak halakoak dakartza: jolasean ari da, baina jolasa serio hartzen du. Hala behar du, gainera: guraizeak zorrotzak hobe, gure bizimodua deseraikitzeko.
Ez da gauza haundirik behar: kartoia, papera, guraizeak. Eta artista bat.
Pello Ulazia Ibarzabalek ondu duen erakusketa Azpeitiko Foru Ibilbideko Udal Erakustokian egongo da ikusgai:
Irekiera apirilaren 19an egingo dugu, 18:00etan.
Maiatzaren 5a arte egongo da irekita, hau barne.
Astelehenetik ostiralera: 18:00-20:00
Larunbat eta igandetan: 12:00-14:00
_
Hemen duzu erakusketaren inguruko txosten osatua
Argazkiak: