Euskal Antzerkiaren Lekua hitzorduaren baitan bi liburu bilduma berri ezagutzeko parada izan genuen, Garazin Antzerki eta Ganbila, antzerki liburuak biak. Antton Luku, Luzien Etxezaharreta, Oier Guillan eta Eneritz Artetxe aritu zitzaizkigun bilduma bakoitzaren nondik norakoetaz eta oro har antzerki testuek transmisioan izan dezaketen garrantziaz.
Garazin Antzerki bilduma Maiatz argitaletxeak sortua da eta argitaratutako aurreneko bi aleek Gillom Irigoyenek eta Xebastian Ihidoyk idatzitako antzerkiak jasotzen dituzte. Ipar Euskal Herriko teatrogintzaren giltzarri diren egile hauen lanek ederki erakusten dute non diren bertako antzerkigintzaren erroak. Antton Lukuk idatzi ditu orain arteko bi liburuen hitzaurreak.
Ganbila bilduma EHAZE eta Susa Argitaletxearen elkarlanetik jaiotako egitasmo berria da. Emankor hasi da hiru liburu argitaratuz eta datorren udaberrirako beste hiru iragarriz. Bazterreko Ahotsak, Simplicissimus eta Francoren bilobari gutuna dira argitaratuko dituzten aurreneko hiruak. Isiltasuna, Mami Lebrun eta 4.48 Psikosia lanak loratuko dira udaberrian.
Hauetaz guztietaz eta euskarri fisikorik ez duen antzerkiaren gertaera letretara jasotzeak duen garrantziaz solasaldi ederra eskaini ziguten gonbidatuek ostegun arratsaldeari zentzua emateko.
Eguna
 2019.11.21
Ordua
 16:00
Izenburua
 Ganbila eta Garazin Antzerki Bildumak
Zer
 Aurkezpena
Nor
 Antton Luku, Luzien Etxezaharreta, Oier Guillan, Eneritz Artetxe