MUNDUA SORTZEN JARRAITZEKO

Pandemiak kolpatua, gudak durduzatua, klima larrialdiak bere onetik aterea, munduaren akaberak bertan dagoela ematen du. Esperantza meharra da. Bestela irudituko zaio akaso hainbati, baina guri inoiz baino beharrezkoagoa begitantzen zaigu artistak paper zurian mundua sortzen jarraitzea. Meharra izan arren esperantza, larritua izan arren arnasa, edertasunaren bila abiatzea, mundua sortzen jarraitzea, bizitzeko moduko mundu bat.

Beti dira garai zailak mundua arteen bitartez pentsatu nahi dutenentzat, adi egotea eskatzen baitu etengabe, konformismoaren epelean bertan goxo geratu beharrean edertasunaren bila abiatzea bide ezezagunetan, inora iristeko esperantzarekin, meharra izanagatik. Bizitzeko moduko mundu bat daukagu zain.

Bulkada bati heldu, mundua edertzeko grina helburu hartu eta bidea egin nahi duenari babesa emateko jarri zituen Sorkuntza Bekak martxan Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eskatuta. 

Urteen poderioz sendotu egin dira bekak, sortzaileei behar duten babesa emate aldera, eta aurten ere bi motatakoak izango dira laguntzak:

  • sormen proiektuak garatzeko batetik, urtebeteko denbora epean lantzekoak.
  • sormen egonaldiak egiteko bestetik, intentsiboak, gutxienez 6 astekoak.

Biek ala biek Azpeitiko Dinamoa sormen gunean hartuko dute lekua, eta bertan egingo dute lana sormen bekaren bat jasotzen dutenek, bai proiektuak garatzeko bai egonaldiak egiteko. 

Mundua sortzen jarraitzeko gogoa daukan jendea geratuko den esperantzarekin.

Deialdia, oinarriak, eskaera orria eta beste

Albistea Azpeitiko Udalaren webgunean

• Deialdi ofiziala Gipuzkoako aldizkari ofizialan

• Beken inguruko webinarrerako izen ematea

• Aurrez aurreko aholkularitza saio pertsonalerako izen ematea