* argazkia Dominik Wojciechowskirena da

EDERTASUNAREN ALDE, KONFORMISMOAREN KONTRA

Beti dira garai zailak mundua arteen bitartez pentsatu nahi dutenentzat, adi egotea eskatzen baitu etengabe, konformismoaren epelean bertan goxo geratu beharrean edertasunaren bila abiatzea bide ezezagunetan, inora iristeko esperantzarekin, inora iristea berriro bideari ekiteko atseden hartzea besterik ez dela jakitun. Beti dira garai zailak, baina orain akaso zailagoak.

Bulkada bati heldu, mundua edertzeko grina helburu hartu eta bidea egin nahi duenari babesa emateko jarri zituen Sorkuntza Bekak martxan Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eskatuta. 

Urteen poderioz sendotu egin dira bekak, sortzaileek behar duten babesa emate aldera, eta aurten gainera bi motatakoak izango dira laguntzak:

  • sormen proiektuak garatzeko batetik, denbora epe luzean lantzekoak.
  • sormen egonaldiak egiteko bestetik, intentsiboak, gutxienez 6 astekoak.

Biek ala biek Azpeitiko Dinamoa sormen gunean hartuko dute lekua, eta bertan egingo dute lana sormen bekaren bat jasotzen dutenek, bai proiektuak garatzeko bai egonaldiak egiteko. 

Egotea egitea ere bada, eta egitea desegitea, ibilian bidea egitea, mundua berregitea.