Irudiak dena hartu du aspaldian: dena da irudia, eta denean dago. Irudiak sortzea inoiz baino errazagoa da, auskalo zenbat egiten ditugun egunero, ohartu gabe; prozesua azkarra da, automatikoa kasik. Dinamoko irudiaren eremua automatismo hori deseraikitzeko lekua da, eraikiz deseraikitzeko, prozesua aztertzeko, moteltzeko, geldotzeko, gelditzeraino. Irudiaren barrunbeetan arakatzeko, hankaz gora jartzeko, mundua bere horretan emango duten irudiak baino irudia bere horretan emango duen mundu bat egiteko.
Lantegi horretan urratsak ematen jarraitzeko da LABANA ETA ORBANA, teknika grafikoen esperimentazio tailerra, Alaitz Alberdik eta Joseba Agirrezabalagak emango dutena.
Paradoxa badirudi ere, gaur inoiz baino beharrezkoagoa (eta zailagoa) da irudi bat sortzea, eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zer edo zer esango diguten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik beharrezkoa. Irudiaren gainean hausnartzea ezinbesteko bihurtu zaigun bezala.
Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor… Eta nola jartzen dira irudiak zirkulazioan, non galtzen dira, non pausatzen, non eusten diote denboraren joanari, nora joaten dira inork ikusten ez dituenean…
Irudi batekin erakutsi egin dezakegu, iradoki egin dezakegu, baina baita ezkutatu ere. Irudi batekin kontatu egin dezakegu, eta irudi sorta batekin zer esanik ez. Zer kontatzen dugu irudiekin? Nola kontatzen dugu irudiekin?
Galdera hauei guztiei erantzuna ematen saiatuko gara tailer honetan ere, eginez, probatuz, teknika menderatu beharreko zerbait bezala hartu beharrean mugak esperimentaziorako akuilu hartuta, eta akatsa bidelagun, prozesua motelduz eta urrats bakoitzaren jakitun izanda.
Serigrafia, linografia eta beste arte grafiko batzuk aztertu, ikasi eta probatzeko aukera izango dugu, beti ere teknika menderatzea baino irudiak sortzeko prozesuaz kontzientzia hartzea xede.
Arte grafikoak ezagutu eta probatu nahi dituenak aukera izango du uztailaren 23an, 18:00etan Dinamoan.
2020ko irailaren 22a
Amaiera-data:
2020ko urriaren 31a
Tokia:
Dinamoa Sormen Gunea, Azpeitia (Gipuzkoa)
Ordutegia:
asteartea: 18:00-20:00 + larunbata: 9:00-13:00
Izaera:
Presentziala
Ordu kopurua:
36 ordu
Matrikula-prezioak:
Soldatadunek: 160,00 €. Soldatagabeak: 80,00€
Matrikula-epearen hasiera:
2020ko uztailaren 8a
Matrikula-epearen bukaera:
2020ko irailaren 8a
> Tailerrari buruzko informazio guztia jasotzen duen dokumentua
Zalantzak argitzeko, harremanetarako: idatzi dinamoa@dinamoa.eus helbidera edo deitu 635 738 760 telefonora.