Artean Dinamoa ez zen ametsa besterik, ametsa eta gela bat, denona eta norberarena, pintura esku batekin zuritua, Udalaren biltegian soberan zeuden gauzekin hornitua, altzari merkeekin, ahal genuenarekin. Han hasi ginen gure desioari zuzterrak ematen, hegan egin zezan, lehen urratsak ematen.
Gure inguruan gogoa ikusten genuen, eta serigrafia tailerra egitea bururatu zitzaigun, batere makinarik izan gabe ere. Naiarteko Alaitz Alberdi eta Mikel Alberdiri eskatu genien tailerra emateko, eta aurkezpena Dinamoan egin ondoren, handik aurrerakoa euren lokalean egin genuen, euren borondate onenarekin gure esku utzitako beharrezko tresna guztiekin.
Dozena bat lagun bildu ginen tailerrera, eta hilabete iraun zuen, oinarrizko ezagutza hartzeko lain, eta azkenean bakoitzak bere irudia paperean edo oihalean serigrafiatuta etxera eramateko modua izan zuen. Hilabeteko lanean izandako emaitzak ikusita ordea, erakusketa egitea erabaki genuen herritar orok ikusi ahal izan zezan tailerrean egindako lana.
Harrezkero, beti izan dugu serigrafia irudia lantzeko tresna baliagarritzat, eta garai batean Artelekun zeuden makinak lortu genituenez, gaur egun Dinamoan serigrafia egiteko gune bat atondu dugu, beharrezko material guztiarekin.
Hasiera-data
2017.03.01
Amaiera-data
2017.03.01
Ordutegia
asteazkena: 18:00-20:00 + larunbata: 09:00-13:00