Hitzaren Eskolako hirugarren edizio honetan Koldo Almandoz izan da bigarren irakaslea, eta bere hilabetearen kronika da hau.

Ez nekien zer egingo nuen.

Ez naiz irakaslea, ez naiz akademikoa.

Asko lagundu zidan Ularen klaustroak. Berak beroketa ariketak proposatu zituen, eta nik estres-froga bat planteatu diet ikasleei. Hau da, lanean jarri. 

Urte asko pasa nituen Artelekun. Geroz eta garrantzia gehiago hartu du diskurtsoak, teoriak, hausnarketak… eta geroz eta gutxiago lanak, ekintzak, ariketak. Baina ni Stajanov langilearen aldekoa naiz, eta argitalpen bat egingo genuela esan nien ikasleei hasieratik. Ardura har zezaten nahi nuen, euren lanarekiko, besteekiko. Eta tentsioa sartu nahi nien baita ere. 

Ez nekien zer egingo nuen. Baina helmuga argi neukan: argitalpena. Plaquette bat neukan buruan, XIX. mendean idazle berriek literatura lanak zabaltzeko erabili zuten formatua, folleto edo eskuorri gisakoa. 

Eredua ere baneukan: L’usage de la photo (Annie Ernaux eta Marc Marie). Maitaleak izan ziren Annie Ernaux eta Marc Marie bolada batez. Larrua jotzeko geratzen zirenean lurrean barreiatuta geratzen ziren arropei argazkiak egiten zizkien Anniek, eta harremana bukatu ostean argazki haiek hartu eta memoria ariketa bat egitea proposatu zion Marci. Kuriosoa da argazki bera hartuta ze oroitzapen diferenteak ernatzen zaizkion bati eta besteari, kasu batzuetan, eta nola datozen biak bat beste batzuetan. Pertzepzioaren ideia hori asko interesatu zitzaidan, eta horrekin lana egin nahi nuen.

Eta gero baneuzkan lana beste kontzeptu batzuk, landu nahi nituenak.

GEZURRA / FIKZIOA

Yuval Noah Harariren Sapiens liburuan gauza bat gustatu zitzaidan: gizakiaren asmakizunik onena gezurra da. Gezurra esateko aukeraz jabetu zenean aldatu egin zen gizakia. Eta gezurra eta fikzioa kontzeptuak erkatu / elkartu genituen saio honetan. 

LAPURRETA / JABETZA

Binomio hau ere oso interesantea egiten zait. Zeinena da istorio bat? Ez al gara ari beti lapurretan? 

BANPIRISMOA

Aurrekoarekin lotuta, Florence Balcomberen figura ekarri nuen hemen, Bram Stokerren emaztea, Dracularen eskubideak zorrotz zaintzen zituena, berez Dracula istorioa bera ere handik eta hemendik lapurtutako zatiz egina izan arren, banpirismo ariketa bat, alegia. 

ZIRRIBORROA

Handik eta hemendik lapurretan ibiltzearena zirriborroaren ideiarekin lotu nuen. Ariketarekin. Bat lanean ari denean, zirriborroak egiten dituenean, gauzak gordetzen joaten da, eta gero gauza horiek agertzen zaizkio, handik urte batzuetara akaso, kontu bat bestearekin lotzen hasten denean. Bozetoaren garrantziaz aritu ginen, eta baita zoriaren garrantziaz ere. Entzuteko prest egotea da gakoa, adi egotea.

SORMENA / BEGIRADA

Sormena non dago? Beharbada begiradan, norbere sormenean baino. Hau da, objektu bat ikusita begirada erne batek beste irakurketa bat egin dezake. Begirada hori da landu behar dena agian.

AKATSA / HANKASARTZEA / EZUSTEKOA

Akatsa egiteko beldurrez paralizatuta dagoen jendea ikusten dut aspaldian, eta saiatu nintzen esaten ez beldurtzeko, denok egin ditugula hankasartzeak, baina arriskatu egin behar dela, arriskua hartzeko aldarria egin nahi nuen. Arrakasta eta frakasoa binomioaz ere aritu ginen, zer den arrakasta, zer den frakasoa, eta ze erlatiboak diren biak ala biak.

Kontzeptu horiek erabili ditugu saioetan, eta ikastaroari berari buruz ere aritu gara argitalpenerako testuetan. Lehen klasean galdetu nien zer espero zuten Hitzaren Eskolatik, eta ez zen egon erantzun zehatzik. Ez dakit orain galdetuta zer erantzungo luketen.

Horizontalagoa egin nahi nuen ikastaroa, baina txapa asko sartu diet.