Hitzaren Eskolako hirugarren edizio honetan Oier Guillan izan da laugarren irakaslea, eta bere hilabetearen kronika da hau.

Oso azkar pasa da hilabetea eta oso ondo joan da.

Espedizioen inguruko imajinario batekin hasi ginen, garai batean Ipar Polora edo Hego Polora egiten ziren haiek aipatuz, baina epikarik gabe. Gureak gehiago ziren espedizio performatikoak

Erreferente batzuk ikusi genituen hasteko: Werner Herzogen Izotzaren gainean ibiltzeaz, Munichetik Parisera oinez egindako bidaia kontatzen duena; Julio Cortazar eta Carol Dunlopen Kosmopistako autonautak, non kontatzen den 33 egunean autoz Parisetik Marseilara egindako bidaia, autopistatik irten gabe eta restopetan geldituz. Eta aipatu genituen baita ere Sophie Calle, detektibearen lan hura, nola kontratatu zuen detektibe bat bera jarraitzeko. Eta baita Alicia Kopfen Izotzezko anaia ere. 

Hortik abiatuta, espedizio metaforikoa egitea zen asmoa. Eta baita horren bitakora kaiera  ere. Eskatu niena izan zen desira batetik abiatzeko, egin nahiko luketen zerbaiten atzetik abiatzeko (baina desira hori inoiz aitortu gabe). Bidaiaren ideiari heldu genion, eta hainbat tresna erabili genituen bidean aurrera egiteko, mapa emozionalak eta tranpa performatikoak tartean, batez ere errealitatea eta fikzioa nahasten diren egoerak sortzeko.

Zer den tranpa performatiko bat? Egun batean kafea hartzera joan nintzen. Euria ari zuen. Kanpora egin nuen zigarro bat erretzera. Gizon gazte bat zegoen atarian, isilik egon ginen luzaroan. Hizketan hasi ginen halako batean, ingelesez. Bosniarra zela esan zidan, lanera etorria, bazirela 3 urte ez zuela familia ikusi. Telefonoa eskatu nion, koadernoan apuntatu zidan. 

Eskolara iritsi nintzenean, ikasleek esan zidaten ikusi nindutela tipo batekin hizketan, taberna barruan zeudela, ea autografoa eskatu zidan. Barre egin nuen. Bosniarra zela esan nien, hizketan aritu ginela eta telefonoa eskatu niola, berarekin zerbait egin zitekeela pentsatu nuela.

Hurrengo klasean nire lagun bati esan nion etortzeko. Arropak aldatu genituen, gorila baten maskara jarri nion, eta mikro bat. Ni goiko balkoian ezkutatu nintzen, beste mikro batekin, eta handik hitz egin nien ikasleei, gorila maskara jantzita zeramana neu nintzela sinistaraziz. 

Halako batean balkoitik jaitsi eta ikasleen artean eseri nintzen. Harrituta begiratu zidaten, sinistu ezinda bezala. Eta orduan nor da gorila maskara daramana? Ingelesez hasi nintzaion orduan, eta bosniarra zela pentsatu zuten, jakina. Begiradarekin dena ematen ari ziren, ongi etorri esanez bezala. Txirrina jarri nion gainera, bai edo ez erantzuteko txirrinaren bitartez, bat bai bi ez, eta halaxe eman genuen klasea, falta zen ordubete edo ordu t’erdian. 

Bukaeran, maskara kentzeko eskatu nion, eta nire lagunak, maskara kentzeaz batera: joder, ia egosi naiz bertan! Eta ikasleak berriro geratu ziren zur eta lur, ordura arte uste izan zutena berriro erori zitzaielako. 

Bueno, hori da tranpa performatiko bat. Eta oso ondo etortzen da errealitatea eta fikzioa nahasten diren lekua sortzeko. 

Hortik aurrera taldekako deriba ere egin genuen, Azpeitiko kaleetan zehar, denak maskara jantzita, pauta batekin. Eta elementu estrainioak sartzen joan ginen hartara.

Ibilbide orri batekin etorri nintzen, baina malgu eta adi. Gertatzen dena erabiltzea da gakoa, bosniarra bezala, eta gauzak gerta daitezen lana egitea, tranpak jartzea. Era horretan, materiala benetakoa da, zure egia da. Eta errealitatea beste nonbaitetik kontatzen hasteko moduan zaude kodigo horretatik.