LANA, KAPITALA
Non daude gorputzak, lehenik? Gorputzak lehenik eta behin lanean daude. Gorputzak, lehenik eta behin, laneko ahaleginean daude. Gorputzak, lehenik eta behin, lanera bidean daude, lanetik bueltan, atsedenaren zain, hura hartuz eta berehala utziz, eta, lanean, merkantziekin bat eginez, bere horretan merkantzia, lan-indarra, kapital metaezina, salgarria, metatutako kapitalaren merkatuan agortu daitekeena, metatzailea. Téchne sortzaileak fabrika-, tailer-, obra- eta bulego-gorputzak sortzen ditu, bai eta beste atal batzuk ere, irudi eta mugimenduen bidez osatzen dituztenak sistema osoarekin, piezak, palanka, enbrage, paketatze, eskotadura, kapsulatze, fresatze, desakoplamendu, estanpatze, zerbitzatutako sistema, zortasun sistemiko, biltegi, manutentzio, deskarga, desegite, kontrol, garraio, neumatiko, olio, diodo, kardane, urkil, biela, zirkuitu, diskete, telekopia, errotuladore, tenperatura altu, lainoztatze, zulaketa, kableatu eta kanalizazioekin, soilik baliokide monetariora kanalizatutako gorputzak, hor biltzen den kapitalaren plusbaliara soilik.
Batez ere, ez saiatu diskurtso hau arkaikoa dela esaten.
Kapitalak esan nahi du: gorputz trafikatua, garraiatua, desplazatua, birjarria, ordezkatua, postan eta jarreran, lukurreriaraino, langabeziaraino, goseraino, gorputz bengaliarra Tokioko motor baten gainean tolestuta, gorputz turkiarra Berlingo zanga batean, gorputz beltza pakete zuriz beteta Suresnesen edo San Frantziskon. Beraz, kapitalak hau ere esan nahi du: gorputzen gehiegizko esanahiaren sistema. Ezer ez da klase eta esfortzu eta klase borroka baino adierazgarriagoa. Ezerk ez dio semiologiari ihes egiten indarrek pairatutako ahaleginek baino gutxiago, muskuluen, hezurren, nerbioen bihurdurak baino gutxiago. Begiratu eskuei, kailuei, krakari, begiratu birikei, bizkarrezurrei. Soldatapeko gorputz zikina, zikinkeria eta soldata, esanahiz harilkatutako eraztun bat bezala. Beste guztia literatura da.
Filosofiaren amaiera, eta batez ere gorputzaren filosofia guztiarena, lanaren filosofia guztiarena bezala. Gorputzak askatzea baizik, berriro irekitzea kapitalak metatzen duen espazioa, denbora gero eta estuagoz, zorrotzagoz, karrankariagoz kargatzen duena. Made in time gorputzak. Sorkuntza bera eternala da: eternitatea hedadura da, itsasoa eguzkiari lotua, espaziamentua sortutako gorputzen erresistentzia eta matxinada gisa.
Corpus liburutik hartutako zatia.