TOMATEA LANDATU APOKALIPSIAN

Balkoidun pisuaren alokairu kontratua sinatu eta
tomate bila joan naiz hazi-dendara
Goizegi da tomate landaretxoak aurkitzeko, diote dendakoek
Ez al dakizu badaudela tomateak eskura, diote lagunek
jadanik gorri eta biribil
(Supermerkatuan, bai, supermerkatuan)
Aski erraz dirudi youtuben
zergatik ez balkoian, eguzkia alde edukita
eta leroy merlin gertu (kotxea izanda)
Tomate landare baten aurrean behin edo birritan baino egon ez naizen arren
Paperezko poltsatxo txuri zeharrargiarekin itzuli naiz etxera
Eguzkiaren aurka eutsiz gero nabaritzen dira haziak, malko lehorrak
“Deustuko tomate zapala” mota
Gomendagarria da ingurura moldatutako barietateak haztea, diote forokoek
Barietateek garrantzia galdu ote duten galdetzen diot neure buruari
zer datorren kontuan izanda
Hemengo apokalipsira moldatuko al dira
Marinara saltsarik gabeko munduan
nire tomateak esfera gorri hobeezinak
adaxka berde finetatik zintzilikaturik
balkoitik hedatzen
Gizakirik gabeko munduan
nire tomateak egoera basatira bueltatu eta
zurkaitzen bertikaltasunetik askatuko dira
zurtoin iletsuak mila norabidetan dirdiraka

Egilea
Inés Garcia

Alea
1 | Apokalipsia