hortzetako eskuila

etxe ondoko muinora igo naiz
arkeologoak ibili ohi dira bertan
uda oro indusketak
gain horretan dago lurperatua burdin aroko murraila

aurtengo kanpainan ari direnak ikusi ditut
parean tokatu zaidanak ez dela zorterik izan
ez dutela izpirik ere bildu
baina bila jarraitzekotan direla
pala soka baldeekin batera
ez etsitzeko adina itxaropen ekarri dutela

eder ikusten dira goitik muinoaren azpiko bi herriak
txukun jarritako etxe multzoak bata bestearen ondoan
sugearena eginez errepidea ibaiaren lagun
inguruan barreiaturik baserriak
lantegiak futbol zelaia soro batzuk basilika
munduko tokirik ederrena

posible ote da bestelako hondeaketarik
galdetu diot arkeologo gazteari
behera zulatu ordez gora jotzea
historiaren goiko hortzei pasatzea eskuila
hor beheko herriek
etorkizunean ze patu izango duten ikusteko
lokatzak jango ote dituen
amaieran hondarrak estalita geratuko al diren
plazak dendak kaleak errotondak

ero bati bezala begiratu dit
bere bekainak garaitza arku bi
esan gabe esan dit egoteko lasai
muino hau ez zuela ekaitz batek tapatu
ez dela ponpeia
harea aurpegian pausatzen hasten zaigunean
ez garela ohartuko
alde egiteko aukera izango dela dena estali aurretik
etorkizuneko arkeologoek lurra harrotzean
zorte apur batekin ez gaituztela bertan aurkituko

Egilea
Xabi Borda

Alea
1 | Apokalipsia

Irudia
Liminal Spaces