bizitza hastear da

Igandetan igandetako arropa janzten du: jaieguna garrasi egiten duten kamiseta eta kulero, galtzerdi eta gerriko. Ordularia etxean utzi eta belarri atzean fruta usaindun perfumea botatzen du. Asteartetan bazkaltzeko lentejak egiten ditu, porru eta azenario zatitxoekin, eta exotismo apur bat eman nahi dienean curry-a gehitzen du. Astelehen eta asteazkenetan haurrak Enekoren etxera eraman eta supermerkatura joaten da: garbigailurako xaboia eta tipulak; eta bi ostiralero kopa bat ardo eta etxera. Ostegunak lasai ibiltzeko egunak dira: 7:15ean kotxea hartu eta lanera abiatzen da; 7:46an ordenagailua piztu eta lehen emailak irakurtzen ditu; 12:00etan hamaiketakoa, eta 13:52an bezeroari deia; ondoren bazkaldu, bilera, kafea, ez, tea, ez, kafea hobe, azken bilera, haurrak jaso, igerilekura eta solfeora, enkarguak, igerilekura eta solfeora, etxeko lanak, afaltzeko lentejak, ez, hori asteartetan da, afaltzeko albondigak, telebista, hortzak garbitu, pastillatxoa eta ohera. 

Mesanotxean gustatzen zaizkion hitzak gordetzen ditu: kilimak, izozkia, txirrista, harramazka, musugorri, marrubi, epel, heze, hotz. Behar dituenean kaxoitik atera eta etengabe erabiltzen ditu, bizia eman nahi balie bezala: txirrista hezeek musugorritzen naute; izozki epela nahi dut, marrubizko kilimak egin diezazkidan. Eta igande, astearte eta ostegunak handiegi egiten zaizkionean begiak itxi eta arnasa hartzen du: bizitza hastear da.

Egilea
Uxue Arzelus Lasa

Alea
1 | Apokalipsia

Irudia
Liminal Spaces