apokalipsirako proposameN bat

Gela huts batean piztuta dagoen telebista baino gauza misteriotsuagorik ez dagoela idatzi zuen Baudrillardek. Are gehiago, gizadia desagertu eta oraindik funtzionatzen ari den telebista baino irudi arraroagorik ez dagoela idatzi zuen.

Telebista lainoa sintonizatu gabeko monitore analogiko batek ematen digun irudi mota da. Pixelen anabasa etengabea, zarata zuria deritzon soinua eta zuri beltzeko irudi hautsia sortzen duena.

Linterna eskuan hainbatetan ibili naiz gauez basoan. Lainoa denean, eskuarekin zuzentzen dudan zutabean bilakatzen da argia. Euririk ez denean, gaueko tximeletak ikusten ditut argiaren bueltan, eltxoekin eta bestelako intsektuekin batera zirimolan.

Sufismoan, kandelaren su laman erretzen den tximeletaren irudia maitalearen eta maitatuaren bat egite osoaren sinbolo da. Suaren argiarekin bat eginik desagertzen da tximeleta, ordura arteko haztamu eta itzulinguru guztiak ebatziz.

Irudi horrek beti erakarri nau eta Apokalipsiaren gaiari helduta, aspaldidanik buruan izan dudan obra bat proposatu nahi dut, ez baitago maitasuna bezain gauza apokaliptikoagorik munduan. Hona jarraibideak: Apokalipsiaren etorrera sumatutakoan landa eremura jo, argi artifizialik gabeko inguru bat topatu. Indar puntu bat bilatu eta argindar kableari konektore bat lotu. Konektore horretatik kable bat lurrera eraman. Kablea bitan banatu eta alde bakoitzari telebista monitore bat lotu. Bi monitoreak aurrez aurre jarri, elkarrengandik bost-hamar metroko distantzian. Monitoreei argindar programadore bana jarri. Argindar programadoreak telebistak hamaika minutuoro piztu eta itzali daitezen programatu, txandaka piztu eta itzaliko diren moduan. Alegia, lehen monitorea piztuta dagoen bitartean bigarrena itzalita egongo da eta bigarrena piztuta dagoen bitartean lehenengoa itzalita. Monitoreak sintonizatu gabe utzi. Bolumena intentsitate erdian jarri. Gaueko tximeleten joan etorriei erreparatu.

Egilea
Nader Koochaki

Alea
1 | Apokalipsia

Irudia
Nader Koochaki