pentsameNdu apokaliptikoari buruz

“Apokalipsi” hitzaren aurrean zenbait irudi, kontakizun eta pentsamendu mota datozkit burura. Apokalipsia lotzen zaio testu bibliko bati, non, era guztietako katastrofeak, “izurriteak” eta “zigorrak” igaro eta gero, jainkozko salbazioa datorren. Egun, “apokaliptikoa” lotzen zaio ikuskera ezkor bati, izateko modu ezkor bati, etorkizuna kolore ilunetan tindatzen duen ikuskerari. Agian, izaera apokaliptikoaren irudirik gardenena transatlantikoarena da: jendetza festa batean dago bertan (noski, transatlantikoaren barruan badago lan gogorra egiten duenik ere, eta hori garrantzitsua da festak jarrai dezan), eta inguruan arroka ezin arriskutsuagoak ageri dira: mehatxua. Okerrena da oso zaila edo oso motela dela transatlantikoaren noranzkoa aldatzea. 

Halaber, apokalipsiaren inguruan, senideak balira bezala, apokalipsi-osteko kontakizunak eta distopiak dabiltza, etorkizuneko eta fikziozko gizarte ez-desiragarri baten aurrean jartzen gaituztenak, hain zuzen ere, irakurleak bizi duen gizartetik oso gertu sumatzen duen gizartea.

Iruditegi eta kontakizun horietaz horniturik, edo haien aldamenean, badago pentsamendu apokaliptikoa dei dezakeguna. Eta harekin lotuta pentsamendu apokaliptikoaren aurkako pentsamendua ere indartsu dabil azken aldian. Adibidez, Jesús Zamora Bonillak apokaliptikoen aurkako liburu bat idatzi du, eta apokaliptikoen artean Marina Garcés pentsalaria aipatzen du tarteka (Contra apocalípticos. Shackleton Books, 2021, 263 or.). Alabaina, duela gutxi egindako elkarrizketa batean, Marina Garcések berak izaera, kontakizun eta pentsamendu apokaliptikoaren arriskuez ohartarazten gaitu (“Gero eta kezkatuago nabil iruditegi gaizbera horrekin, munduaren akaberari lotzen zaion iruditegi apokaliptiko horrekin, non gero eta gehiago kokatzen dugun gure burua”. Público egunkari digitala, 2022ko martxoaren 29an). Hortaz, biko sailkapen horrekin (apokaliptikoak/apokaliptikoen aurkakoak) kontuz ibili behar dugu: Garcés zer da, apokaliptikoa edo apokaliptikoen aurkaria? 

Kontuak kontu, nabardura askorekin, apokaliptikoen aldean kokatuko dut nire burua: akaso ez dago kezkaturik egoteko eta ezkorra izateko motiborik? Pandemia arriskuak, klima-aldaketa, gizarte-desberdintasunak, emakumearen eta beste talde batzuen mendekotasun- eta bazterketa-egoera, eskubideen galera, eskuin-muturreko mezuen eta indarren gorakada, ziurgabetasuna, estatuaren gainbehera eta korporazio ekonomiko pribatuen gorakada, etsaiaren ikusezintasuna eta izaera globala, sare publikoa etenik gabe ahularaztea edo desartikulatzea, lan-prekarietatea, errefuxiatuen eta etorkinen mugimendu masiboak, gure sorgortasuna, gure morrontza, gerrak eta gatazka geopolitikoak han eta hemen, botoi gorri apokaliptikoaren existentzia, egia-ostea, propaganda, manipulazioa, han-hemengo errealitatearen ukazioa, birtualtasuna, panoptiko global erdi-onartua, ohiko energia iturrien agorpena, teknologia berrien garapen ebaluatu gabea, sare sozialen erabilera neurri gabekoa, txikiaren desagerpena arlo guztietan (pentsa dezagun hizkuntza gutxituen kasuan) handiaren eta globalizazioaren arrabolaren eraginez, ni puztu erdi-birtualak nonahi, gainpopulazioa, mendebaldeko gizartearen zahartzea, azkeneko pandemiak erakutsi duen egoismo masiboa (norbanakoarena, taldearena, gertuko eta urrutiko erakunde-instituzioena, mendebaldeko gizartearena…) hiperfribolitatea, krisi finantzario globalak, irabazien pribatizazioa eta galeren sozializazioa… 

Eta hori guztia gertatzen ari da, beste bide posible eta hobeak daudela pentsatzen dugunean.

Iruditegi eta kontakizun apokaliptikoak beti izan ditut gustuko. Gustuko izan ditut, baina modu oso dosifikatuan eta, nolabait esatearren, kalitatezko soineko edo egitura baten baitan. Kontakizun horiei tarteka bisita egiten diet, batez ere zientzia-fikzioaren eskutik. Literatura apokaliptiko-distopiko onaren aldamenean literatura utopiko ona ikusi dut maiz, eta ez gutxitan nahastuta (Margaret Atwooden iritzian, Huxleyren Bai mundu berria klasikoan, utopiaren eta distopiaren arteko dantza antzeko bat gertatzen da. Ik. haren artikulua The Guardianen, 2007ko azaroaren 17an). Uste dut biak ala biak gure nahien, desiren, beldurren eta kezken islak direla edo, hobeto esanda, gure nahiak, desirak, beldurrak eta kezkak indar handiz bizitzeko aukera ematen digutela, gogoetarako aukerak eskainiz. Gustuko ditut (modu dosifikatuan) posiblearen esparruan dabiltzan kontakizunak. Eta “posiblea” esaten dudanean ez ditut baztertzen eskenatoki inprobableak, harrigarriak, alienigenak, iradokitzaileak, apurtzaileak, ohikotik kanpokoak… Kontakizunik onenetan egoera harrigarri horiek oso gertu sumatzen ditugu. Noski, klasiko asko ditut buruan, Margaret Atwood, Ray Bradbury, Octavia E. Butler, Ted Chiang, Aldous Huxley, Ursula K. Le Guin, George Orwell… eta beste asko (orain mahai gainean daukat Rita Indianaren La mucama de Omicunlé eleberri bikaina). Ez dira poza dakarten testuak, baina biziarazten digute oso gertu sumatzen duguna, azpimarratzen dizkigute gorago aipatu ditudan kezka-iturriak. Uste dut kontakizun horiek pentsamenduaren ikuspuntutik ekarpen mamitsua egiten dutela. 

Jakina, badaude beste iruditegi, kontakizun eta pentsamendu apokaliptiko mota batzuk. Segur aski, horiek ditu gogoan Marina Garcések. Eta, nire iritzian ere, horiekin kontuz ibili behar da. Batzuetan, pentsamendu apokaliptikoak paralisia (morrontza otzana) bultzatzen du. Beste batzuetan, pentsamendu apokaliptikoak era guztietako paradisuetarako itzulera du erreferentziatzat. Eta beste batzuetan, pentsamendu apokaliptikoak salbazio, esan dezagun, “faltsua” proposatzen du, alegia, ihesa. 

Hori guztia ilustratzeko Rousseau pentsalaria ekarriko dut testu honetara. Rousseauren pentsamendua kontakizun “arriskutsu” askoren oinarrian ikusten dut. Rousseauren arabera, gizakiak garai loriatsu bat bizi izan zuen iraganean (non gizakia gizaki naturala zen, ona izatez, basati on, natural eta bakartia…), eta nostalgiaz begiratzen zaio galdutako paradisu hari. Antza, hartatik urruntzen ari gara, txarrerako. Ez gutxitan, jende askok egoera apokaliptikoaren ondorengo salbazioa (Rousseauk irudikatutako) paradisu hartan ikusten du. Besteetan, Rousseauk berak etorkizuneko gizakia beste norabide batetik irudikatzen du: gizabanakoa orokortasun batean urtuko da (nahimen orokorra deitzen dio), gizabanakoa orokortasun baten kide ezin fidelago izango da. Orokortasun horretan dago esperantza, errakuntzarik eta diskrepantziarik gabe gidatuko gaituen orokortasunean… Eszeptikoa naiz egoera naturalen aurrean, baita nahimen orokorraren aurrean ere. 

Beraz, badaude apokaliptikoak eta apokaliptikoak. Niri interesgarriak iruditzen zaizkidan apokaliptikoen aurka zenbait argudio eman, ematen eta emango dira. Azken aldian maiz entzun dut apokaliptikoak beti kexu daudela (gaudela), hipermoralistak direla, eta ahaztu egiten dutela sekula baino hobeto bizi garela. Hortaz badago zer eztabaidatu. Esaterako, ezin da ukatu parametro batzuetatik begiratuta, ni nire gurasoak baino hobeto bizi naizela, eta nire gurasoak beren gurasoak baino hobeto. Are, nahi bada, onar dezaket jende asko ondo bizi dela. Transatlantikoa doazenak festa batean doaz (festan asko dira, ni haien artean, baina, halere, ez dut uste gehiengoa denik), pozik bizi dira. Eta? Bai, zenbait alderditatik ikusita, transatlantikoa sekula izandako onena dela pentsa daiteke: azkarrena, erosoena,… Eta? Gorago deskribatutako zerrenda hartan aipatzen diren “arriskuak” ez dira aintzat hartzekoak? Benetan pentsatzen dugu transatlantikoaren noranzkoa aldatzeko premiarik ez dagoela? Benetan pentsatzen dugu planeta osoa ez dagoela “arrisku” egoeran, batzuk (asko) sekula baino hobeto bizi bagara ere? 

Platonek haitzuloaren alegoria klasikoa proposatu zuen. Kateatzen gaituen egoeratik gure burua libratu behar genuela esaten zigun: libratu eta kobazulotik kanpo aldera atera, benetako errealitatearen bila. Uste dut ez dela irtenbide egokia, ez baitago beste errealitaterik. Kobazuloan bertan eraiki behar dugu eraiki beharrekoa, denon hobe beharrez. Benetako errealitatea kobazulokoa da. Alabaina, badago beste arrisku bat kobazuloaren baitan: paralisian erortzea edo, azkenean, (Etienne de la Boétieren hitz gogoangarrietan) borondatezko morrontzan murgiltzea. Bi arrisku mota. Horrekin lotuta, Ursula K. Le Guinek ipuin zoragarri batean kontatzen digu Omelas herri zoriontsuak bizi duen “festa”. Baina herri horrek bere baitan arazo latz jasanezina dauka.  Zer egin? Ipuinean bi aukera aipatzen dira. Edo, transatlantikoan bezala,  herrian festa batean jarraitu, arazo latzaren aurrean ez ikusiarena eginez, edo, beste batzuek egiten duten bezala, Omelasetik alde egin. Baina, nora? Nortzuk? Zertarako? Beste aukera baten alde egingo nuke.

Pentsamendu kritikoaz (eta hari atxikitako jardueraz) hitz egiten denean, hainbat kontu aipatzen dira. Nire iritzian, pentsamendu kritikoaren osagaiak dira ikuspegi errealista bat eta, harekin lotuta, pentsamendu etiko-politiko egoki bat. Biak ala biak landu beharrekoak. Pentsamendu kritiko horren argia behar dugu, kobazuloko bizitza denontzat bide onetik joan dadin.

Egilea
Agustin Arrieta

Alea
1 | Apokalipsia