Hitzaren Eskolako bosgarren edizio honetan Miren Amuriza izan da laugarrena, eta bere hilabetearen kronika da hau.
MIREN AMURIZA: IDAZTEN ERE IKASI EGITEN DA
Idazketa tailerrak eman ohi ditut aspaldian, eta hemen ere antzeko zerbait egitea izan da nire asmoa, idazten ere ikasi egiten baita, eta horretarako tresnak ematea izan da nire egitekorik behinena.
Hasieratik hasi ginen lehen saioan, eta abiapuntuez eta idazketa prozesuez aritu ginen, nik hainbat adibide ekarrita. Aipatu nien abiapuntua izan daitekeela inguratzen gaituena, baina baita jada kontatuta dagoena ere, literaturan askotan erabili izan baita bestek kontatua nork berea kontatzen hasteko. Nork berea ere erabil dezake abiapuntu gisa, nola ez. Idazketa prozesuaz, berriz, aipatu nizkien bide batzuk: gerturatzea izan daiteke bat, ikertzea beste bat, partekatu eta osatzea ere bai… Eta bestea da idaztea, idaztea, irakurtzea, idaztea. Bai abiapuntuekin eta bai idazketa prozesuekin ariketak egiten joan ginen, arinak hasieran, askatzen joateko, apur bat konplexuagoak gero.
Saio horretan bertan, abiapuntuekin eta prozesuekin lotuta, pertsonaiak nola osatu daitezkeen ere erakutsi nien, hainbat adibide emanda, eta ariketak egin genituen, bakoitzak zer istorio eta zer nolako pertsonaia osatu zuen erakutsiz bukaeran.
Bigarren saioa lehenbizikoaren jarraipen modukoa izan zen. Abiapuntuak ikusi, prozesuak aztertu eta pertsonaiak osatzen aritu ostean, istorioak nola egituratu daitezkeen ikusiz hasi genuen bigarrena. Istorio bat oso modu diferenteetan egituratu baitaiteke. Trama dago, protagonista eta bere gatazka, planteamendua-korapiloa-askaera, idazketa gidatua, formak apurtzea, ikuspuntua, eta horien guztien konbinaketa posibleek ematen dute istorio bat egituratzeko modua.
Honekin lotuta, testuak sakontzen ere aritu ginen, eta hainbat elementu ikusi genituen horretarako:
- Hasierak eta amaierak
- Ahotsa: erregistroa eta elkarrizketak
- Ikusgarritasuna
- Zehaztasuna
- Izenburuak
Lehen saioan bezala, bigarren honetan ere ariketa txikiak egin genituen elementu hauek nork bere baitatik nola eman ditzakeen ikusteko.
Hirugarren saioa Amaia Egidazu eta bion artean eman genuen.
AMAIA EGIDAZU: HITZAK IRUDIETAN. IRUDIAK HITZETAN.
Behin baino gehiagotan eman izan ditugu tailerrak Mirenek eta biok, eta halaxe eman dugu hau ere, lau ordukoa, maleta bete liburu ekarrita.
Maleta ireki eta liburu ilustratuak atera genituen mahai gainera, asko, denetik, ikasleek ikus zezaten ze liburu diferenteak dauden, eta denek eduki dezatela zerbait interesgarria eta ederra. Sarrera gisa, esan genien batzuetan hitzak ematen direla irudietan, baina beste batzuetan irudiak hitzetan, eta askotan batera doala bidea. Hainbat adibide erakutsi genizkien, bakoitzaren ezaugarriak aletuz; batzuetan irudiak darama narrazioaren pisua, beste batzuetan hitzak, eta bien arteko konbinazioak infinitoak dira.
Behin adibideak ikusita, bi artefaktu egitea eskatu genien, bat hitzetik abiatuta, eta bestea iruditik abiatuta. Eta oso gauza ederrak egin zituzten.