Hitzaren Eskolako bosgarren edizio honetan Maialen Berasategi izan da hirugarrena, eta bere hilabetearen kronika da hau.

MAIALEN BERASATEGI: HITZAREN BOTEREA

Itzulpengintzatik eta literaturatik abiatu nituen nire saioak, eta zuzentzaile lanetan aritzen naizenez, hitzaren botereaz pentsatu nuen aritzea eskoletan. Hitzak sailkatu egiten baitu, izendatu egiten du. Eta berehala dator galdera: nork izendatzen du?

Saiatu naiz hizkuntza biziaren alde mintzatzen, bai eta adibideak ematen ere, eta ondo jarritako hitzaren ahala erakusten. Hitz egokia, hitz pertinentea, hitz zuzena, behar den hitza. Eta lehen saioan, esate baterako, izenburuak hartu genituen langai, bere laburrean hobeto ikusteko hitz egokiaren indarra. Zer da izenburu on bat? Manikeoa eta sinplista izateko arrisku eta guzti, euren titulo faboritoak eskatu nizkien, eta gero testua eman eta eurek jarri behar izan zuten izenburua.

Bigarren saioan gauza praktikoagoak egin genituen, eta gehiago aritu ginen egunerokoan erabiltzen ditugun maileguez eta kalkoez, askotan ez baitugu tarterik hartzen gauza hauei buruz pentsatu ere egiteko. Elipsiaz eta estilo kontuez ere aritu ginen, eta itzulpen ariketa bat egin genuen, irtenbideak lantzeko denon artean. 

Bide beretik jarraitu genuen hirugarren saioan ere, eta paragrafo laburrak eman nizkien itzultzeko. Eta itzulpen ariketa horietan ateratzen ziren kontuei buruz aritu ginen, sarrera emanez Isabel Etxeberria irakasle gonbidatuaren saioari.

ISABEL ETXEBERRIA: ITZULTZEA ETXEKOTZEA DA

Itzultzea etxekotzea da, hitz horiekin hasi nuen saioa, eta etxekotzea etxera ekartzea da. Eta etxera ekartzea erreferentzia kulturalak ere euskararen tradiziotik ikusteko modua egitea da. 

Eta pare bat adibide nabarmen samar erakutsi nituen. Manu Lopez Gasenik Lewis Carrollen Aliziarekin egin duena bat. Snarkaren ehizan liburuan, esate baterako, kantu dialogiko bat itzultzeko “Haika mutil” hartu du erreferentzia, eta molde horretan eman du Lewis Carrollen jatorrizkoan zetorrena, euskal irakurleak ezagutzen duen edo sikiera ezagutu dezakeen kantu baten formarekin. 

Bestea ere nabarmena bezain jolastia da. Juan Garziak Italo Calvinoren Maitasun zailak itzuli zuenean, aldatu egin zizkien izenak protagonistei, eta etxekotu egin zituen, testuak berak zekarren giroa hona ekarrita itzultzaileari egokiak iruditu zitzaizkion izenak jarriz. 

Behin halako adibide batzuk jarrita, Wuthering Heights pelikularen zati bat jarri nien, eta han agertzen zen gizona deskribatzeko eskatu. Bakoitzak berea egindakoan irakurri egin genituen. Eta gero Irene Aldasoro itzultzaileak Gailur ekaiztsuak itzulpenean egindakoarekin konparatu. Denak zeuden ados: langintza zaila da itzultzailearena.