Hitzaren Eskolako bosgarren edizio honetan Koldo Izagirre izan da lehena, eta bere hilabetearen kronika da hau.
KOLDO IZAGIRRE: HITZAREN ETA LETRAREN ARTEKO GERRA ZIBILA
Planteamendu orokorra azalduz hasi nintzen, markoa ezarri nahian. Idatziak beti baztertu du hitza. Literaturaren historia guztietan goratzen da gure ahozko literatura sarreran, baina gero idatzia da aztertzen, eta ahozkoa baztertzen.
Euskal literaturaren historia hasten da XIV-XV mendeetan, Lasturko Milia, Bereterretxen khantoria, ahozko literaturarekin. Agramondarren eta Beaumondarren gerra Iparraldean, Ganboatarren eta Oinaztarren artekoa Hegoaldean. Hor hasten da asuntoa, guk dakigula.
Eta hori amaitzen da Itxaro Bordak egin zuenean Milia Lastur On The Road, Noiztenka liburuan datorrena. Emakume batek hitz egiten dio gure hasierari, Miliari. Berarekin dabil batera eta bestera. Hor amaitzen da euskal literaturaren fase handi bat.
XIV-XV mendeetan gerra zegoen, eta gero beste gerra bat sortu zuen Etxeparek liburua atera zuenean. Hau ere gerra bat izan zen. Eta gerra hori bizi dugu oraindik ere.
AMAGOIA GURRUTXAGA: HITZAREN ETA LETRAREN ARTEKO GERRA ZIBILA
Izenburu hau lehen aldiz entzun nuenean, lehen kolpean eta ezinbestean, 36ko Gerra etorri zaitzaidan gogora, hitzen eta letren arteko gerraren ispilu ezin argiagoa baita. Letrak idazteko makina, izan ere, gerra irabazleen esku geratu zen, eta galtzaileei, beren bizipenak ahopeka kontatzeko aukera besterik ez. Asko eta asko gara egoera horren emaitza. Gure etxean, esaterako, ez zen sekula gerrari buruz hitz egiten. ARGIAn kazetari hasi eta bateko eta besteko kulturgileei elkarrizketak egiten hasi nintzen arte ez nintzen jabetu gerra hark eta ondorengo diktadura luzeak hamaika euskal kulturgileri utzi zien traumaz. Koldok ikastaroan zehar aipatu izan dizkizue euretako batzuk. Jakina, belaunaldi oso baten trauma zen eurena. Etxean horri buruz sekula ez zidatela hitzerdirik ere kontatu, orduan konturatu nintzen.