Hitzaren Eskolako laugarren edizio honetan Itziar Ugarte izan da laugarrena, eta bere hilabetearen kronika da hau.

ITZIAR UGARTE: BEGIRADA POETIKOARI ARRETA JARRITA

Hitzaren Eskolan zer egin bueltaka hasi nintzenean, arretaren gaiaren bueltan hasi zitzaizkidan etortzen hainbat irudi eta irakurgai burura, eta horien artean liburu konkretu bat: El eclipse de la atención, artikulu bilduma bat, Oier Etxeberriak eta Amador Fernández-Savaterrek koordinatutakoa. Eta ideia orokorrago bat ere bai, azken aldian askotan entzun dudana, eta lanean ere askotan jasotzea tokatu zaidan ideietako bat: kontenplazioaren tempoa galtzen ari dela gaurko munduan. Uste dut asko esaten duela horrek bizi dugun garaiaz. Eta nahi nuen horri tarte bat eskaintzeko baliatu Hitzaren Eskola. 

Eta hori praktika artistikoarekin lotu: kontenplazioak zer eskaintzen digun, bai bizitzeko eta inguruarekin harremantzeko moduei dagokionez, baina baita praktika artistikorako ere, aurre baldintza bezala ulertzen dudalako, egoteko modu inportante bat bezala. 

Kontenplazioaren tempoarekin batera, eta egoteko modu hori zorrozte aldera, begirada arretasuagoa eta entzute sentikorragoa lantzen ere saiatu naiz. Aipatutako liburu horretan bada artikulu bat, “El arte que somos” izenburuduna, Rafael Sanchez Mateosena, abiapuntu gisa hartu nuena. Eta ia mantra gisa errepikatu dudan leloa: saturazioaren kontra, presentziaren alde. 

Presentzia hori lantzeko ariketak proposatu dizkiet. 

Lehen saioan San Telmo museoko liburutegitik hartutako 15 argazki-liburu ekarri nituen. Eta bakoitzari liburu bat eman. Esaten da batez beste 17 segundo pasatzen ditugula museo bateko irudi baten aurrean. Eta nik esan nien 7 minutu zeuzkatela irudi bati begira egoteko, eta gero, irudia erakutsi gabe, deskribatu egin behar zutela.

Aldean koaderno bat ibiltzeko ere eskatu nien, ingurua behatzeko. Eta oharrak hartzeko. Eta Dinamoko eremu bakoitzari buruzko ohar bana idaztera bidali nituen.

Begirada poetikoaren bila ibili naiz. Bigarren saioan, esate baterako, Artiumen ikusgai dagoen film bat ekarri nien ikusteko, In a Nearby Field, Laida Lertxundi eta Ren Ebelena. Oso distantzia motzean egindako filma da. Hor aritu ginen zer den bizitza, bizitzaren ordenan dagoena, ikusten duguna, eta zer gertatzen den hori eramaten dugunean estetikaren ordenera.

Horrekin lotuta, inguru hurbila hitzez filmatzeko ariketak ere egin ditugu. 

Eta berridazketa ariketak, lanaren elementuari lekua egiteko. 

Ze aipatzen genuen gauza bat dela arreta, eta horri lotuta landu dugu harriduraren kontzeptua, baina hirugarren elementu inportante bezala sartu dugu lana, bilaketa formalaren garrantzia. Eta arretaren bueltan orbitatzen jarri dugun laugarren elementua desira izan da. Lanerako motor bezala. Eta hor aipatu dugu jakinmin hutsaren desira noble eta beharrezko hori. Eta hor dagoen zintzotasuna garrantzitsua iruditu zaigu praktika artistikorako. 

Arretaren inguruan elkarrizketa bat izan nuen ezustean Maider Oleaga zinemagilearekin, eta konturatu ginen biok ari ginela honen gainean pentsatzen. Iruditu zitzaidan bere sormen prozesuan oso elementu inportantea zela. Eta gero, saio guztietan egon da begirada poetikora hurbiltzeko nahi bat, eta Maiderrek ere asko lan egiten du hortik.

MAIDER OLEAGA: BIZITZA KAOS BAT DA

Lagun baten bitartez ezagutu ginen, eta behin, pote bat hartzen, gure sormen prozesuei buruz hizketan hasi ginen. Ni orduan asko ari nintzen irakurtzen arretaren inguruan. Eta bueltak ematen. Ze garrantzia daukan arretak gure egunerokotasunean, bai eta sorkuntza prozesuetan ere. Eta hasi ginen hor hitz egiten eta hitz egiten, eta ikusten bazeudela konpartitzen genituen kezka batzuk.

Begirada poetikoarena zen bat. Itziar poeta izanik, eta ni zinemagilea, ekarri ditut nire ustez begirada poetiko hori lantzen duten zinemagile batzuk, irudi poetiko horiek nondik eta nola gorpuzten dituzten aztertzeko. 

Eta gero jardun dut sorkuntza prozesu batek izan behar dituen elementuei buruz, Itziarrek bere saioetan aurretik landu dituenak: arreta, harridura, lan asko, eta desioa. Eta saiatu naiz azaltzen nire sormen prozesuetan nola lantzen ditudan lau elementu horiek. Nola lan egiten dudan, nola sartzen den desioa, zenbateraino den funtsezkoa egunerokotasunean arreta jartzea, eta arreta jartzen denean nola sortzen den harridura, eta nola harridura horrek beste norabait eramaten zaituen, arroztasunak aldatu egiten baitzaitu.