Kulturaz kultur kooperatibak sormena babestu eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, DOI erakusketa programa jarri du abian. 

Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da ekimen hau, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan. Sormen jardunaren zirkulua itxi eta komunitatea elikatzen jarraitzea da kontua.

Eta komunitatea diogunean uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun gehiago ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea.


DOI 01: JONATHAN ESCAPA ETXANIZ

Jonathan Escapa Etxanizek Azpeitiko Udalaren sorkuntza beka jaso zuen  2022an, Dinamoa sormen gunean egin zuen habia lanerako, orduak eta  orduak sartu ditu, eta harrezkero etxeko egin zaigu, baina ez dugu etxekotu, ez dugu domestikatu nahi izan. Nahita ere ez genuen lortuko. 

2023ko udazkenean sormen egonaldia egin zuen, JAIn ibili ostean, eta  ikusi genuen bere lana aldatzen ari zela. Mantentzen zituela ezaugarri  batzuk, bazeukala edertasunari neurria hartu nahi bat, baina aldi  berean zabaltzen eta aberasten ari zela bere lan egiteko modua.  Hazten ari zela iritzi genion, lorategi bat hazten den bezala, espanturik  gabe.  

Lorategiei buruzko liburuez hitz egin dugu, Derek Jarman, Gilles Clement,  eta aintzat hartzen dituen artistei buruz, nola ez, eta musikako erreferentziez,  erropaz, zertaz ez. Ia dena egiten zaio bere lanean era batera edo  bestera sartzeko modukoa: mundua iragazi eta onena hartuko balu  bezala da.  

Literaturaz ere asko mintzatu gara, eta Joseph Brodskyren aipu bat hautatu  du Final Fantasy Love erakusketako testuaren abiaburu: 

Gure ondoren, gure lekuan antzeko gauzaren bat azalduko da, ezagutu  gaituztenei izua eragingo diena. Nahiz eta ez diren asko izango oroitzen  gaituztenak. […] Lorategi bat dago hemen haientzat; bai, lorategi bat.  Joseph Brodsky 

Jonathanenak bereak dira hurrengoak: 

Odola bultzatzen duen maitasuna, basatia eta legerik gabea. Bizitza  bor-bor barruan, hantura moduan. Izurren igurtziak erdi lo dagoen azala  esnatzen du. Oihaneko txara itxiak azpian harrapatu ditu gorputzak,  babes mintza bailitzan. Arima horien magia, mugak hausten, ederta 

sunaren neurriak asmatzen berriz. Zelai zabal baten gisan hedatzen da,  udaberri-lore bizi-biziz betea. Gainezka eginez. Hain daude ohituta utzi tako lorategietan bizitzen, nor sentitzea miraria baita. 

Horra artistaren nahia, ezin argiago: bestek utzitako lorategian bizi baino,  nork berea aldatu, norbera sentitu, nor izan.

Jonathan Escapa Etxanizek ondu zuen erakusketa Azpeitiko Foru Ibilbideko Udal Erakustokian  eta Sanagustin kulturgunean egon zen ikusgai:

Otsailaren 16tik martxoaren 3a arte

Astelehenetik ostiralera: 18:00-20:00 

Larunbat eta igandetan: 12:00-14:00
_


Hemen duzu erakusketaren inguruko txosten osatua

Argazkiak:

DOI | Jonathan Escapa Etxaniz