Kulturaz kultur kooperatibak sormena babestu eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, DOI erakusketa programa jarri du abian. 

Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da ekimen hau, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan. Sormen jardunaren zirkulua itxi eta komunitatea elikatzen jarraitzea da kontua.

Eta komunitatea diogunean uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun gehiago ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea.


DOI_05: NORA ALBERDI ODRIOZOLA

Munduari nola begiratzen zaion, horixe da kontua. Eta nondik. Batzuen ustez, argazkigintza oro da dokumentala. Bizitzaren erregistroa da, finean. Hor aurrean dagoen argia harrapatu, besterik ez. Erraza ematen du. Baina munduari nola begiratzen zaion, asko aldatzen da kontua.

XIX. mendean sortu zenetik, argazkia askotan erabili izan da, eta jarraitzen da erabiltzen, une ustez bereziak betirako gordetzeko, historiarako, asmo handiko kontakizun horietarako. Baina ez handi-mandiek bakarrik. Antzera erabili izan da argazkia gure etxe askotan ere, familia albuma osatzeko, une berezien bilduma bat egiteko.

Erabili izan da, halaber, egunerokoak izanagatik errepikaezinak diren une horiek harrapatzeko ere, edertasun adostua dutenak, zer dakit nik, musu bat kalearen erdian, gizon bat putzu baten gainetik salto egiten; teknikak lortu duelako begiak ezin duena, ihes doan une erabakior hori harrapatzea. Argazkiak ikusiaren ikusiz ikasita, horretan ari gara geu ere, telefonoarekin, une bakoitza nolabait gorde nahian.

Baina bada argazkia beste modu batera erabiltzeko tradizio bat ere, ez dena hain ohikoa beharbada, ez eta hain ezaguna ere, seguru asko. Argazki onak ez duela asmo handirik, esan zuen behin Walker Evansek. Argazkigintza modu honetan ulertu dutenek ez dute historia hizki larriz idatzi nahi, sinistuta daude bizitza bera nahikoa dela.

Argazkigintza modu honi, errepika ezina dena gorde nahi duenari bezalaxe, bizitza axola zaio, eta eguneroko bizitza jaso nahi du, baina bere txikitasun eta arruntasun horretan ere bai. Ez baitu gutxiesten txikia, arrunta, egunerokoa den hori, alde erantzira baizik.

Eta berdin Nora Alberdik: eguneroko bizitza xume horri darion poetika harrapatzen du argazkietan. Eta ikuslea etxean bezala sentitzen da, munduari begiratzeko modu horrek barruan hartzen duelako.

Nora Alberdi Odriozolak ondu duen erakusketa Foru Ibilbideko erakusketa aretoan egongo da ikusgai:

Irekiera urriaren 4an egingo dugu, 18:00etan. 

Urriaren 20ra arte egongo da irekita, hau barne.

Astelehenetik ostiralera: 18:00-20:00
Larunbat eta igandetan: 12:00-14:00  

Hemen duzu erakusketaren inguruko txosten osatua