Kulturaz kultur kooperatibak sormena babestu eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, DOI erakusketa programa jarri du abian.
Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da ekimen hau, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan. Sormen jardunaren zirkulua itxi eta komunitatea elikatzen jarraitzea da kontua.
Eta komunitatea diogunean uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun gehiago ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea.
DOI_06: MAIDER AZURMENDI
Garesti da poeta izatea gaur egun. Beharbada beti izan da zaila. Mundua destilatzen du poetak, bestek ikusten ez dutenari eman arreta, beren baitako alanbikeetatik pasa, eta tantaz tanta eman gero.
Askotan esan izan da artistak begirada berezia duela, munduari begi- ratzeko moduak egiten duela bat artista, batez ere, baina beharbada bat artista egiten duena, munduari begiratzeko modua baino, munduari erantzuteko aukeratzen duen bidea da. Bizi duen guztia destilatzea da bat, eta tantaz tanta ematen den hori beste bat. Ze batzuek tantaz tanta edo litroka listua, odola eta behazuna ematen dute, eta artistak, aldiz, bere onena: poesia, artea.
Maider Azurmendik arreta berezia jartzen dio inguruan duen guztiari, baita materialik itxura batera ezdeusenari ere, eta arreta berezia jartzen dio lan prozesuari; sinetsita dago artea erabakiak hartzen joatea dela. Halaxe aitortu zigun oraindik orain, Dinamoan sormen egonaldia egiteko proposamena aurkeztu zuenean:
“Arte sorkuntzak dirauen denbora tartean gertatzen diren sentsazioak edo sentipenak gerora gauzatuko den objektu artistikoaren parte ba- naezina dela ulertzen dut. Hala ere, sorkuntza prozesuaren misterio guz- tiak konprenitzea ez da asmo hutsala. Artelanaren bilakaeraren aurrean zentzumen guztiekin, adi, erabakiak hartzen joaten da.”
Ezaguna genuen lehendik ere Maider Azurmendiren zorroztasuna lanari dagokionean. 2021ean jaso zuen Sorkuntza Beka eta txundituta utzi gintuen bere lan finak, bere konpromisoak bezainbeste.
Orain, ordurako ibiltzen hasia zuen bidetik dator artista. Materialekiko sentsibilitate handiz, egitura eta konposiziorako begi zoliz, prozesuari adi, soberan dagoena albo batera utzita, destilazioak puntu gorena iritsi du oraingoan, eta tantaz tanta ematen zaigun elixir hau dastatzeko aukerak pozez betetzen gaitu, garesti baita poeta izatea, baina batez ere poeta- rentzat, besteontzat ospatu beharreko gertakizuna da.
Maider Azurmendiren artea gertakizuna da.
Maider Azurmendik ondu duen erakusketa Foru Ibilbideko erakusketa aretoan egongo da ikusgai:
Bi bisita gidatu eskainiko ditu sortzaileak erakusketaren berri bere ahotik entzun nahi dutenentzat. Bata, abenduaren 6an, 12:00etan. Bestea, abenduaren 7an, 12.00etan.
Erakusketa Azaroaren 22tik Abenduaren 8ra arte egongo da irekita, hau barne.
Astelehenetik ostiralera: 18:00-20:00
Larunbat eta igandetan: 12:00-14:00
Hemen duzu erakusketaren inguruko txosten osatua