Postgizakiaren gorputza konpostatzen
Ekosistema bat honela deskribatzen da: entitate konplexu bat organismo guztiak eta haiekin interakzioan dagoen ingurune fisikoa biltzen dituena. Organismo horiek interdependenteak dira, bai elkarren artean, bai partekatzen duten habitatarekin. Gorputza, aldiz, desberdintze- eta baztertze-taxonomiekin definitzen da beti, beraren ertzen, tarteen, espazio fisikoan duten kokagune eta tamainaren, edo dentsitatearen bitartez, eta barneratua edo bildua dagoen gainerako materiatik bereizten da.
Donna Harawayk beti hain modu eskuzabalean eskaintzen dituen hari emankorrei helduko diet, haietan korapilatu gaitezen eta gainetik ken ditzagun «gizakia» (post– aurrizkiarekin bada ere) erreferentzia eta abiapuntu gisa hartzen duten begirada antropozentrikoak. Postgizakiaz hitz egin beharrean humus konpostatuaz hitz eginez gero, Harawayk proposatzen duen bezala, gizakiaren, ez-gizakiaren eta gizakiaz gaindikoaren arteko bereizkuntzak nabarmentzen segitzea saihesten da, zeren eta bereizkuntza horiek ekarri dute gorputzak, organismoak eta lurraldeak denboran zehar esplotatzea, indarkeria geldoko prozesu sostengatu, isil, asegaitz, estraktibista, zehatz, anker eta ahitu batean.
Hala, ekosistema biologiko baina aldi berean historiko, sozial, toxiko, kuantiko eta politiko batean endredatutako materia gisa uler dezakegu gorputza, baina batez ere haren materia zeharkatzean difraktatzen diren eta aztarnak, interdependentziak eta talkak agerian uzten dituzten geopolitikak eta genealogiak marrazteko ebidentzia gisa. Materia zintzilikatu bat, konpostatuz nekez garatzen dena aldi berean iragana, oraina eta geroa uztartzen dituen espazio-denbora batean, eta bere burua egiten eta desegiten duena orainaldi trinko batean.
Horrez gain, postgizakiaren gorputzaz ari garenean, garrantzitsua da posthumanismoak eta transhumanismoak haren erabileraz egiten dituzten funtsezko desberdintasunak bereiztea. Posthumanismoak –Nietzschetik hasi eta teknofeminismora, Rosi Braidottiren proposamenak tartean– zalantzan jartzen du gizatiarra denaren pribilegioa; transhumanismoak, aldiz, haren bikaintasuna sostengatzen eta goraipatzen du, hura teknologiarekin hibridotzen duen heinean. Giza espeziearen gaineko gehiegizko konfiantza horrek ekarri du, hain zuzen, geoingeniaritza garatzea praktika kapitalistak oinordetzan utzi duen larrialdi klimatikoari aurre egiteko, baliabide teknozientifikoen gehiegizko erabileran eta gehiegizko konfiantzan oinarritzen baita kapitalismoa. Baliabide horiek, izan ere, beharrezkoak dira, baldin eta zerikusia badute eta bat egiten badute konpostean nahaspilatuta gauden guztion bizitza atmosferiko, geologiko, biologiko, hidriko edo atomikoak hobetzearekin.
Bestalde, gizakiaz ari garenean, ezin dugu ahaztu badirela gizakiak eta gizakiak. Generikoki gizaki esaten zaion hori historian zehar pilaturiko pribilegio jakin batzuk dituen gorputz bat da, eta gizakiaz azpitik dagoena inongo zalantzarik gabe segregatzea dakar berekin.
Gizakiaz azpiko gorputza gorputz toxifikatu eta anputatu bat da, gobernuen, korporazioen eta bere espezie bereko kideen indarkeria historikoak gainean daramatzana. Protokapitalismoaz geroztik, lehen kolonizazio-prozesuak eta gorputz eta lurraldeen gaineko praktika estraktibisten ondoriozko kapital-metaketa gertatu ondotik, ekonomia liskartuen eta ekologia zaurituen masa ikusezin batean harrapatuta geratu da, eta halaxe eratu dira hirugarren mundu deritzon hori, komunitate desplazatu eta erailak, eta planetako edozein tokitan giza gorputz eta forma guztien aurka erabilitako botere-gehiegikeria.
Besteen etorkizunean harrapatuta bizi gara; munduan egoteko modu arras biolento baten ereduaren arabera diseinatuta dago etorkizun hori, eta hondakinak eta bizitzeko moduen hondarrak ekoiztea dakar inplizituki berekin.
Konpostatzen garen gorputzok, lur-esferekiko interdependenteak eta lur-esferaz osatuak elkarrekin lan egiten duten material biologiko, kimiko, geologiko eta hidrikoen bidez, halabeharrez lotuta gaude gizakiaren ekimen esklusiboz lurrazalean sortu den eta etenik gabe hazten ari den geruza berri artifizial batekin, teknosferarekin, zeina duela 4.600 milioi urte ingurutik Lurra osatzen duten geruzei gehitu baitzaie. Esfera hori teknologiaren eta giza ekintzen arteko konbinazio bat da, gizakiek eta haien artefaktu, protokolo eta informazioek, eta gure kudeaketa- eta produktibitate-sistema teknosozialen parte diren ekosistemek osatua. Esfera artifizial berri hori harremanetan dago beste lur-esfera batzuekin (litosfera, hidrosfera, kriosfera, atmosfera eta biosfera), baina badu zerbait haietatik desberdintzen duena: ez du autobirziklatze-sistema egokirik erabiltzen.
Metabolismo toxikoko prozesuen bitartez, teknologia metatzen dugu gure molekuletan, ez transhumanismoaren bikaintasun-ikuspegitik, baizik eta beste era batzuetan: plastiko sintetikoak, berotegi-efektuko gasak, lehen arma nuklearren probak egin zirenetik atmosferara isuri eta han harrapatuta geratu den uranio aberastu artifiziala, mugak eta baliabideak kudeatzeko protokoloak, edo jarduera estraktibistetan elementu kimikoekin kutsaturiko urak; azken horien artean, lur arraroetako meatzeak edo litio-meatzeak aipa litezke, denak ere beharrezkoak gure gailuak garatzeko, teknologia militarra aurreratzeko edo energia jasangarri deritzenak ekoizteko.
Baina konposta, hain zuzen, hondakinez eta deskonposizioz egina dago; hondakin horiek emankorrak dira, bizi berriak ongarritzen dituzte, beren ekosistemarekin elkarlanean, haren aurrean erantzuteko trebetasunak dakarren erantzukizunarekin. Gainera, konpostatzen diren gorputzak bakterio sinbiontez, autotrofoz eta organismo kimiosintetikoz osatuta ere badaude, eta elementu horiek lagungarriak dira teknosfera metabolizatu eta bizitzarako erabili ahalko diren konposatuak sortzeko. Lynn Margulis biologoak proposatu zuen bezala, sinbiosiari eta elkarlanari esker garatu da bizitza planeta honetan. Azken batean, hauts kosmikoz osatuta gaude denok, eta Big Bangaren osteko lehen izarrek sorturiko karbonoan oinarritzen da gure bizitza.
«We become-with each other or not at all»,
Donna Haraway
(1) Donna Haraway, Staying with the Trouble: Making Kin in the Chtulucene. Duke University Press, 2016.
(2) Rob Nixon. Slow Violence and the Environmentalism of the Poor. Harvard University Press, 2011. Rob Nixonek indarkeria geldo terminoa erabili zuen ingurumenaren eta haren mendeko komunitateen aurkako indarkeria gradual eta ikusezina izendatzeko. Indarkeria mota horrek areago ahultzen eta higatzen ditu, gradualki, bizitzeko oinarrizko baldintzak.
(3) Haraway, Staying with the Trouble: Making Kin in the Chtulucene.
(4) Rosi Braidotti, The Posthuman. Polity Press, 2013.
(5) Geoingeniaritza edo ingeniaritza klimatikoa teknika geoteknologiko multzo bat da. Zehazki, eguzki-erradiazioa kudeatuz eta karbono dioxidoa murriztuz, gai dira klima eskala handian artifizialki eraldatzeko; dena den, zenbait ikerketak ondorioztatu dute ez direla eraginkorrak edo larriak izan daitezkeen albo-kalteak dituztela.
(6) Atomikoak esaten dudanean, materia osatzen duten oinarrizko partikulez ari naiz, hau da, fisika kuantikoan aztertzen diren horiez.
(7) Gorputz organikoen konposizioan badira mineralak ere, hala nola gatzak edo burdina.
(8) Termino hori Peter Haff-ek sortu zuen, 2014an. Dukeko Unibertsitateko (AEB) ingurumen-ingeniaritza zibileko espezialista da Peter Haff.
(9) Lur arraroak izen komuna erabiltzen da «arraro» deritzen 17 elementu kimiko izendatzeko. Ez da ohikoa elementu horiek egoera puruan aurkitzea, baina mundu guztian barna badira haien metakinak. Haien erauzketa oso kutsakorra da; izan ere, energia kantitate handia behar da, isuri erradioaktiboak eragiten dira, eta bereizketarako erabiltzen diren substantzia kimikoek akuiferoak eta lurzorua toxifikatzen dituzte.
(10) Haraway, Staying with the Trouble: Making Kin in the Chtulucene. Ingelesez, response-ability terminoa darabil Harawayk (hitzez hitz, ‘erantzuteko trebetasuna’), responsibility hitzarekin (‘erantzukizuna’) hitz-jokoa eginez. (Itzultzailearen oharra)
(11) Sinbiosia desberdinak diren espezieetako organismoek beren bizi-garapenean elkarrengandik onurak jasotzeko egiten duten interakzio biologikoa edo harreman edo elkartze intimoa da.
(12) Kimiosintesia edo kimioautotrofia materia inorganikotik abiatuta materia organikoa sintetizatzean datza. Zabortegietan, hasiak dira agertzen plastikoa, metala edo material erradioaktiboak ziklo biogeokimikoetara itzularazten dituzten harren bakterio eta entzimak.