irudi hutsak al gara?

Egungo marketinaren hainbat guruk pertsona birtualen abantailak laudatzen dituzte. Ezin garbiago adierazi du Christopher Traversek, virtualhumans.org enpresaren sortzaileak: «Epe luzera, izaki birtualak gizakiak baino askoz merkeagoak dira; ez dira gaixotzen, ez dira zahartzen, ez dira hiltzen eta erabat kontrolagarriak zaizkigu». Bere enpresak, noski, modelo eta influencer digitalak sortzen eta saltzen ditu.

Egungo modelorik ospetsuenetarikoa, adibidez, Imma dugu. Eta, Immak, badu ezaugarri berezi bat: ez da hezur-haragizko pertsona, Aww Inc start-up japoniarraren hiru dimentsioko sorkuntza digitala baizik. Tokio, Londres eta Parisko kaleetan zehar paseatzen aritu da, irudi tridimentsionalak sortzen dituen holografia deituriko teknikari esker. Ikeak bere Tokioko dendan erabili izan du, sarritan, guztiz hornitutako etxebizitzak iragartzeko. Ez dugu, jada, guk sartu behar mundu birtualean: mundu birtuala sartzen da gugana. Zein da bien arteko muga lausoa?

Politikariek, modu berean, teknika holografikoa erabili izan dute, beren mitinak hainbat tokitan eta batera eman ahal izateko. Gisa horretako aurrenekoa Narendra Modik eman zuen, Indiako presidente ohiak, 2012an: mitina India osoan zehar sakabanatutako 140 agertokitan jarraitu ahal izan zuten 50 milioi lagun inguruk. Turkian, berriz, Erdogan lehen ministroak hiru metroko irudi tridimentsional erraldoia erabili zuen 2014ko mitin batean. Edo, Frantzian ere, Jean-Luc Melenchonek bi ekitaldirekin abiatu zuen 2017ko kanpaina: Lyonen eta Parisen aldi berean agertu zen, holografikoki.

Eta ez dira politikariak teknika horretara jo duten bakarrak: musikariei ere aukera ugari eman dizkie. 2012an, adibidez, Tupac rap musikaria Kaliforniako musika jaialdian agertu zen. Horrek ez zukeen inor harrituko, Tupac hilda egongo ez balitz! Bere irudia holografikoki berpiztu zuten kontzerturako.

Badira holografiaren adibide bitxi gehiago, tiraka jarraituz gero. Txinan, besteak beste, maskota birtualak jarri dira modan. Horra hor, maskota hilezkorrak! Gehien erositakoen artean katutxo tridimentsionalak daude. Zein dira saltzaileek goraipatutako abantailak? Ez direla garbitu behar, ez dutela usainik botatzen eta ez direla albaitariarengana eraman behar. Eta, nahi izanez gero, janari, jostailu eta arropa digitala ere eros dakieke.

Kontuak kontu, irudi huts bihurtzen ari gara… edo hori bilakatu dira egungo hainbat modelo, politikari, rock-star edo maskota. Eta, egia esan, irudiaz gain gorputza ere badugunontzat ez da hain erraza geure irudiarekin harremantzea. Zauri sendaezina zabaltzen da, askotan, gure gorputzaren eta gure irudiaren artean. Gaurko zimur berri hori, goizeko begi-zuloak, jausten hasitako ilea, gizendutako sabela edo ipurdia… Nor arraio da hori? Non dago izan nintzena? Gure amak, 87 urte bete berri dituela, ispiluaren aurrean harrituta galdetzen dio bere buruari: nora joan dira lehen neuzkan hanka politak? Batzuetan Dorian Greyk deabruarekin egindako paktu berbera egin nahiko genuke eta betiereko gaztetasuna sinatu…

Erabat alboratu nahi al dugu, ordea, gorputzaren zama? Errealitate erosoagoa ote da gorputzik gabeko errealitatea? Garbiagoa? Higienikoagoa?

Zikin hitza, kurioski, latinezko zuku hitzetik dator: bizitzaren zukua eta zikinkeria korapilaturik daude. Eta nik, gaurko artikuluan, gorputzen alde egin nahiko nuke: mundu birtualetatik honago bizi diren gorputzen alde. Idolatratu gabeko gorputz zikinak, beren gabeziekin, beren mugekin, beren inperfekzioekin, beren edertasunekin, beren hitz egiteko moduekin. Bere horretan maitagarriak. virtualhumans.org enpresako nagusiek erabat garbitu nahi gaituzte, baina gorputzen erotikak, zorionez, beste zapore bat dauka.

 

Berrian, 2022ko azaroaren 2an argitaratua.

Egilea
Iñigo Martinez Peña

Alea
2 | Corpus

Irudia
Rineke Dijkstra