GORPUTZA, LITERATURAREN ERAIKUNTZA MATERIALA

Roland Barthesek iragarri zigun egilearen heriotza bere saiakera ospetsuan, zeina kasik manifesto bihurtu zen. 1967.ean argitaraturiko “La mort de l´auteur” testu-manifestoak irakurlearen ahalduntzea aldarrikatzen zuen. Gurean Txuma Lasagabaster kritikariak (Donostia, 1931-2013) ekarri zuen Barthesen pentsamendua euskal kritikagintzara. Urte berean, 1967.ean abiatu zen Lasagabaster Parisa literatur ikasketak sakontzera eta bertan École des hautes étudeseko graduondoko ikasketetan Barthes izan zuen irakasle. Frantziatik itzuli ondoren, Euskal Filologia ikasketetan, Barthesen ideien ikur gisa nobelagintza berria aztertzen zuen ikasleekin, besteak beste, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako (1969) eta Txillardegiren Haizeaz bestaldetik (1979) erabiltzen zituen paradigma berriaren ilustrazio gisa. Estrukturalismoaren pedagogia lana Lasagabasterrek burutu zuen euskal kritikagintzan. Euskal letretan ere egilearen aroa bukatu eta irakurlearen aroa hasi zen.

Literatur kritikagintzan onartu dugun errelato jakin batean, egilea hil ondoren, egiletasuna indar berriturik itzuli zen, Foucaulten analisian aro konfesional bat eraikiz. Haatik, egilearen heriotza eta itzulerarenean errelato jakin bat da eta badago kritikaririk, esate baterako Sean Burke, zeinak dioen egilea ez zela inoiz hil, baizik eta beste egile mota bat bideratu zela. Gogoan izan Julio Cortázarren Rayuelak, garai berrietarako eleberri eraldatzaileak, bi irakurle mota bereizten zituela: aktiboa, maskulinoa, eta pasiboa, femeninoa. Literatur testua beste modu batera irekitzen bada ere, egilearen autoritatea egon badago, heriotzarik ez, reinskripzioa baizik.

Feminismoaren ildotik, Sara Wilson adituak egilearen heriotzak feministontzat aporia bat suposatzen duela argudiatzen du: emakumezkoek kanonean sartzeko gatazkari eusten diotenean kanona sustatzen duen autoritatea hiltzea aldarrikatzen da. Horren aurrean bi aukera azpimarratzen ditu Wilsonek, bata heriotzak emakumezkoei askatasun handiagoa ematen die eta bestea, askatasun berri hori ukatzen duena. Hirugarren aukera balizkoa lekukotze estrategiko bat litzateke.

Horri gehitu behar diogun geruza Barthesen ibilbidea da. Barthesek egilearen heriotza aldarrikatu ondorengo fasean propiektu autobiografikoari eutsi zion, 1975ean argitaraturiko Roland Barthes par Roland Barthes liburuan. Testuaren aurkibidea aurretik honako ohar hau ematen dio irakurleari: «Hau dena irakurri behar da nobela pertsonaia batek esango balu bezala.» Nolatan hori? Idazterakoan ni-aren suntsiketa gertatzen da, suntsiketa eta ez egia. Testu horretan agertzen den ni-a Barthesen imaginarioari dagokiola dio Barthesek. Testu zatikatu horretan (frakmentuan oinarrituriko testua da, tartean dagoen espazioari ematen baitio garrantzia) idazketa gorputzetik pasatzen dela eta esterotipoa gorputzetik pasatzen ez den pertsonaia dela azaltzen digu.

Barthesek bere amaren heriotzaren ondoren idazten du La chambre claire, eta Barthes bera hil eta gutxira argitaratzen da (1980): saiakera labur eta mardulak argazkilaritza aztertzerako garaian kontzeptu berriak ekarri zizkigun eta etxeko intimitatetik, ideien laborategi txikitik, argazkiak irakurtzeko tresnak azaleratu dizkigu Barthesek. Esan genezake saiakera teoriko hori amari idatzitako maitasun gutuna dela, argazkiak eta denbora ardatz harturik.

Gurean nabari da ez dugula analisi kritikoa garatu azken urteotan jaso dugun literatur artefaktu berritzaleenetariko bat irakurtzeko. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala nobela da hau (2021). Barthesek estrukturalismotik postestrukturalismora egin zuen bidean aurki dezakegu beharrezko dugun hizkuntza kritikoa. Gorputzetik idatzitako testua dugu hau, eta Barthesen ildotik, Eider Rodriguezek Eider Rodriguez nobela pertsonaia gisa irakurtzeko eskatzen digu, beraz nobela hau ez da autofikzioa, bizitza fikzionatu bat baizik. Lander Garroren azaleko argazkian zuhaitz atzean erdi-ezkutuan emakumezko figura dugu, erakutsi eta ezkutatzen denaren arteko tentsioa da argazki honen punctuma, hots, Barthesen hitzetan argazki batean ikuslea ukitzen duena. Lotsaren gaia testuaren muinean dago eta liminaltasun horrek, argazkian ere gozpuzten dena, Eider Rodriguezen aurreko ibilbide narratiboa laburbiltzen duen poetika helarazten digu. Gorputzetik idatzi du testua eta gorputz mindu horrek erakitzen du testuan irudikatzen den poetika. Roland Barthes par Roland Barthesen bezala atalen arteko espazioak ere garrantzia du nobelan eta La chambre claire saiakeran bezala liburua maitasun gutuna da, kasu honetan aitari:

 

2019ko azaroaren 4a

     Zu ezagutzeko modu desesperatua da idaztea.

      Zu bizirik mantentzekoa.

      Zu laztantzekoa.

      Zurekin egoteko modu bakarra.

      Gaixorik behar zenuen sendatzeko.

       Hilda bizirik egoteko.

 

Autofikzioak sortarazi dituen hainbat eztabaida antzuren artean ni-aren literaturaren sinplifikazioa izan da albo kalterik nagusiena. Autofikzioa ez denean ere, hala irakurtzen dute kritikari baldarrek. Ezin da aparatu kritiko xinple bat izan hain nobela handia irakurtzeko eta proposamen honetan Barthesen bidez irakurtzera gonbidatzen zaituztet.

(1) Sean Burke, The Death and Return of the Author: Criticism and Subjectivity in Barthes, Foucault and Derrida, Edinburgh University Press, Edinbrugo, 2008.

(2) Sara Wilson, Situated Authorship: Feminist Critical Engagement with Roland Barthess The Death of the Author, Verso: An Undergraduate Journal of Literary Criticism, 2012.

(3) Gazteleraz Roland Barthes por Roland Barthes, Ediciones Paidós, Barcelona, 2004.

(4)  Eider Rodriguez, Eraikuntzarako materiala, Susa, Zarautz, 2021.

Egilea
Nerea Arruti

Alea
2 | Corpus

Irudia
Lander Garro