Bihotza gauza zikina da akaso. Anatomiako taulei dagokie, harakinaren salmahaiari. Nik nahiago dut zure gorputza.

Marguerite Yourcenar

CORPUS

1992an Jean-Luc Nancy filosofoak Corpus liburua publikatu zuen Frantzian. Ahalegin nabarmena egin zuen gorputzari loturiko filosofiari lekua emateko, haren ontologiaz galdetzeko eta bide batez, utzi zuen idatzita humanoek ez dugula gorputz bat, gorputz garela baizik. Liburu horrek jarri zuen halako mugarri bat gorputzaren sakontze epistemikoan, gorputz-politikak, gorputz-ikasketak eta gorputz-ezagutzak leku garrantzitsua betetzen dutelarik gaur egun. 

Gorputz bagara, haragi berri bati buruz hitz egin behar dela dio Nancyk. Hark dio corpusak grabitate hutsa direla eta hartara, erorketa prozesu etengabean dauden haragi masak garela. Premisa horretatik abiatuz, erortzeko modu ezberdinei buruz galdegin diegu gure kolaboratzaileei oraingo honetan. 

Antzinako Txinako filosofiaraino joan gara Albert Galvanyri eskua emanda, eta hala, Konfuzioren idatzietaraino egin dugu bidaia. Bada haren testuetan mendebaldeko ulermen arrazionaletik ihes egiten duen ikuspegi luze bat, arreta jartzen duena gorputzaren moduetan, keinuetan, bibrazioetan, oro har, haren izaera estetikoan. Gorputza ez baita soilik gure borondatearen bidez mugitzen den hezur-haragi masa bat, izan baditu bere berezkotasunak, keinuak, jasoerak eta hauek antzemateko sentikortasun bereziaz ari zaigu Galvany letrotan. 

Non daude gorputzak? galdetu zuen Nancyk. Lanean daude gorputzak, lanerako bidean, lanaren nekean. Baina gorputzean bertan gertatzen dira mugimenduak zein trantsizioak, eta Miquel Misse soziologoari hartu diogu maileguan 2017ean Bartzelonako Beckett aretoan eman zuen hitzaldi paregabea. Irekitzen digu galdera sakon bat, zulo baten modura: gorputzaren aldaketa al da genero asignatutik desiratutako generora iristeko modu bakarra? 

Laura Perez eta Nahia desira lodiaz aritu dira. Haien hitz eta irudietan agertzen dira gorputz masak eta gerrimamiak, eskuz hartuak, mingainez ukituak. Desira ez baita, ez luke behar, gorputz lirain eta gimnastikoetan soilik. Eta hala ere, kendu egin zigutelako, gaur beldurrari aurre eginez dihardugu. Ni-aren suntsiketaz ari zaigu Nere Arruti eta nola Barthesen teorietara joan-etorria eginez gorpuzten duen bere idazkera Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala nobelan. 

Abailtzen diren gorputz horiek, etengabean, graziaz edo martirioz, erortzen direnak. Alma Söderberg koreografo eta dantzariaren Idioter piezak, beste norabait bideratzen gaitu. Berrogei minutu luze irauten duen pieza honetan, Hendrik Willekensek lagunduta, gorputzak bere baitan duen sonoritateaz ari zaigu. Izan ere, izan daiteke gorputza bera koreografia bat lagundu dezakeen soinu banda. 

Argia aldizkaritik ekarri dugu Sara Lafuenteri Miren Artetxek egindako elkarrizketa. Komodoko dragoien artean eta ugaztunak kenduta, animalia mota guztietan ematen den partenogenesitik tiraka, ugalketa mota ezberdinen ikerketan oinarritu da Lafuente. Ugalketa modu berrien eta merkatuaren logikaren arteko harremanaz ari zaigu. 

Iñigo Martinez Peñak, Imma ekarri du lerrootara: ez da hezur-haragizko pertsona, hiru dimentsioko sorkuntza digitala baizik. Imma holografia deituriko teknikari esker sortzen den gorputz-presentzia bat da. Nancyren erorketaren teorian, gorputz hauek ez dira zerutik erortzen, grabitatea ez dago haiengan, izatekotan, zabor birtuala dira, askoz gehiagorik ez. 

Amaitzeko, postgizakiaren gorputzaren konpostatze prozesuaz aritu zaigu Blanca Pujals Goldsmiths-eko ikerlaria. Postgizakiaz hitz egin beharrean humus konpostatuaz hitz egitea proposatzen digu, Harawayen proposamenei men eginez. Hala, gizakia eta ez-gizakia bezala ulertzen ditugun kategoriak lausotu genitzake, Pujalsen arabera, banaketa hauek baitira gorputzen, organismo bizien eta lurraldeen esplotazioa ahalbidetu dutenak prozesu sostengatu, isil, asegaitz, estraktibista, zehatz, anker eta ahitu baten bidez. 

ZIGiZAGako bigarren ale honetan, Antzinako Txinatik eta Konfuzioren teorietatik, holografikoki agertzen diren presentzietara zabaldu nahi izan dugu gure prisma. Gorputz bagara, konpostatua ala holografikoa, lodia ala trantsitatua, edonolakoa, espero dugu bigarren ale honekin ere guk gozatu dugun bezainbeste gozatzea. 

Irakurketa on. 

Arantza Santesteban 

Alea
2 | Corpus

Irudia
Helena Goñi