Apokalipsia (1965)
apokalipsia
ETA HONA HEMEN
aingeru bat ikusi nuen
(bere zelula guztiak begi elektronikoak ziren)
eta ahots supersoniko bat entzun nuen
eta esan zidan: ireki idazmakina eta idatzi
eta ikusi nuen hegan zihoan jaurtigai zilarkara bat
eta Europatik Ameriketara 20 minutuan iritsi zen
eta jaurtigaiaren izena H Bonba zen
(eta berekin zeraman infernua)
eta ikusi nuen zerutik erortzen plater hegalari bat
eta sismografoek lurrikara handitzat jaso zuten
eta lurraren gainera erori ziren planeta artifizial guztiak
eta Erradiazioaren Kontseilu Nazionaleko Lehendakaria
Energia Atomikoaren Batzordeko Zuzendaria
Defentsa Idazkaria
denak euren kobazuloetan sartuta zeuden
eta lehen aingeruak alarmaren sirena jo zuen
eta goitik behera hasi zuen Estronsium 90
Cesium 137
Ikatza 14
eta bigarren aingeruak sirena jo zuen
eta tinpano guztiak lehertu ziren 300 miliako eremuan
leherketaren zaratagatik
eta leherketaren argia ikusi zuten erretina guztiak erre ziren
300 miliako eremuan
eta erdian beroa eguzkiarenaren antzekoa zen
eta altzairua burdina beira porlana lurrundu egin ziren
eta euri erradioaktibo bilakatuta erori ziren
eta haize hurakanatua sortu zen Flora Hurakanaren indarrekoa
eta 3 milioi auto eta kamioi hegan joan ziren airean
eta eraikinen kontra lehertu ziren
Molotov koktelak bezala
eta hirugarren aingeruak alarmaren sirena jo zuen
eta ikusi nuen New York gainean onddo bat
eta Mosku gainean onddo bat
eta Londres gainean onddo bat
eta Pekin gainean onddo bat
(eta inbidia ematen zuen Hiroshimaren zorteak)
Eta denda guztiak eta museo eta liburutegi guztiak
eta munduko edertasun guztiak
lurrundu egin ziren
eta partikula erradioaktibozko lainoaren parte bihurtu ziren
planetaren gainean zegoena hura pozoituz
eta euri erradioaktiboak batzuei leuzemia sortzen zien
eta beste batzuei biriketako minbizia
eta hezurretako minbizia
eta obarioetako minbizia
eta haurrak begietan kataratak zituztela jaiotzen ziren
eta geneak kaltetuta geratu ziren 22 belaunalditarako
-eta horri 45 Minutuko Gerra deitu zitzaion-
7 aingeruk
kez betetako kopak zeramatzaten eskuetan
(eta onddo formako kea zen)
eta ikusi nuen lehenbizi Hiroshima gainean jasoa eta kopatzarra
(kremazko edo ice-cream pozoituzko kopa bat bezala)
eta ultzera gaizto bat sortu zen bat-batean
eta bigarrenak itsasora hustu zuen bere kopa
eta itsasoa erradioaktibo bihurtu zen
eta arrain guztiak hil ziren
eta hirugarrenak neutroi kopa bat hustu zuen
eta gizakiak kiskali zituen eguzkiarena bezalako su batekin
eta laugarrenak bere kopa hustu zuen kobaltozkoa
eta Babiloniak haserrearen kaliza edan zuen
eta ahotsak oihu egin zuen: berak eman duen megatoien bikoitza eman horri!
eta bonba horren botoia zeukan aingeruak
sakatu egin zion
Eta esan zidaten: eta hori oraindik ez duzula ikusi Tifu Bonba
eta Q Sukarra
Ene gaueko ikuspenarekin jarraitzen nuen
Eta ikusi nuen ene ikuspenean telebista batean bezala
ateratzen zela masetatik
Makina bat
izugarriki izugarria guztiz
eta hartza ematen zuen edo arranoa edo lehoia hegazkin hegalekin eta
helize askorekin eta antenaz betea zegoen eta bere begiak radarrak ziren
eta bere garuna konputagailua Piztiaren zenbakia kalkulatzen zuena
eta orro zegien mikrofono askotatik
eta aginduak ematen zizkien gizakiei
eta gizakiek izua zioten Makinari
Era berean ikusi nituen ikuspenean hegazkinak
soinua baino azkarragoak ziren hegazkinak 50 megatoiko bonbekin
eta ezein pilotok ez zituen gidatzen eta soilik Makinak kontrolatzen zituen
eta munduko hiri guztietara bidean egin zuten hegan
eta guztiek asmatu zuten bete-betean
eta esan zuen aingeruak: antzematen duzu non zegoen Columbus Circle?
Eta non zegoen Nazio Batuen eraikina?
Eta Columbus Circle egon zen lekuan
nik 50 solairuko eraikin bat sartzeko moduko zuloa besterik ez nuen ikusi
eta Nazio Batuen eraikina egon zen lekuan
nik goroldioz eta ahate zirinez betetako labar gris bat besterik ez nuen ikusi
eta haratago aparrez inguratutako haitzak eta kaioak oihuka
eta zeruan argi handi bat ikusi nuen
milioi bat megatoiren leherketa bezalakoa
eta ahots bat entzun nuen esan zidana: piztu irratia
eta piztu nuen eta aditu: BABILONIA ERORI DA
ERORI DA BABILONIA HANDIA
eta munduko irrati guztiek albiste bera ematen zuten
eta aingeruak txeke bat eman zidan National City Bankekoa
eta esan zidan: aldatu txeke hori
eta inon ezin izan nuen aldatu banku guztiek behea jo baitzuten
Etxe orratzak sekula izan ez balira bezala zen
Milioi bat sute piztu zen batera eta ez zegoen suhiltzaile bat bera
eta ez zegoen telefonorik anbulantziari deitzeko eta ez zegoen anbulantziarik
eta hiri bakar bateko zaurituentzat ez zegoen nahikoa odol-plasma mundu guztian
eta beste ahots bat entzun nuen zerutik:
Irten hortik ene herria
ez zaitzan kutsa Erradioaktibitateak
eta ez zaitzaten harrapa Mikrobioek
Antrax Bonbak
Kolera Bonbak
Difteria Bonbak
Tularemia Bonbak
Telebistan ikusiko dute hondamendi handia
Babiloniari jada erori baitzaio Bonba
eta esango dute: Ai Ai Ai Ai Hiri Maitea
pilotoek hegazkinetatik ikusiko dute eta hurbiltzeko beldur izango dira
trasatlantikoak urrun geratuko dira aingura botata
euren gain lepra atomikoa erortzeko beldurrez
Eta soinu uhin guztietan ahots bat entzuten zen esaten zuena:
ALELUYA
Eta aingeruak basamortura eraman ninduen
eta basamortua laborategiz loratuta zegoen
eta han Deabruak bere proba atomikoak egiten zituen
eta ikusi nuen Prostituta Handia Piztiaren gainean eserita
(Piztia teknologikoa zen Piztia dena Esloganes betea)
eta Prostitutak mota guztietako txekeak, bonuak eta akzioak zituen
eta merkataritza-dokumentuak
eta mozkortuta zegoen eta bere puta ahotsarekin kantatzen zuen night-club batean bezala
eta ezkerreko eskuan odol-kopa bat zeukan
eta mozkortu egiten zen berak purgatutako guztien odolarekin
eta Gerra Kontseiluetan torturatu eta kondenatu guztienarekin
eta paredoira bidalitako guztienarekin
eta munduko opositore guztienarekin
eta Jesusen martiri guztienarekin
eta barre egiten zuen bere urrezko hortzekin
eta bere ezpainetako lipsticka odola zen
eta aingeruak esan zidan: Piztiari ikusten dizkiozun buruak diktadoreak dira
eta adarrak oraindik diktadore ez diren lider iraultzaileak
baina gero izango dira
eta Bildotsaren aurka borrokatuko dira
eta Bildotsak garaitu egingo ditu
Esan zidan: munduko nazioak 2 bloketan zatituta daude
-Gog eta Magog-
baina 2 blokeak bakarra dira berez
(Bildotsaren aurka dagoena)
eta sua eroriko da zerutik eta irentsi egingo ditu
Eta ikusi nuen Lurraren biologian Eboluzio berri bat
Espazioan Planeta Berria sortu balitz bezala zen
Heriotza eta infernua su nuklearraren itsasora jaurtiak izan ziren
masak ez ziren gehiago esistitzen
eta Eboluzioak sortutako espezie berri bat ikusi nuen
espeziea ez zegoen norbanakoz osatua
baizik eta organismo bakarra zen
gizakiz osatua zelulaz beharrean
eta biologo guztiak harrituta zeuden
Baina gizakiak libre ziren eta gizakien batasun hori Pertsona bat zen
-eta ez Makina bat-
eta soziologoak harrituta zeuden
eta espezie honen parte izan ez ziren gizakiak
fosil bilakatu ziren
eta Organismoak planetaren biribiltasun guztia estaltzen zuen
eta biribila zen zelula bat bezala (baina bere dimentsioak planetarenak ziren)
eta Zelula apaindua zegoen Emaztea Senarraren zain bezala
eta Lurra festarako zegoen
(lehen zelulak bere Eztei-Festa ospatu zuenean bezala)
eta Kantika Berria zegoen
eta beste planeta habitatu guztiek Lurra entzun zuten kantuan
eta maitasun kantua zen
Egilea
Ernesto Cardenal
Alea
1 | Apokalipsia
Irudia
Liminal Spaces