Hitzaren Eskolako hirugarren edizio honetan Ula Iruretagoiena izan da aurrenekoa, eta bere hilabetearen kronika da hau.
Arkitekturatik etorrita, nondik hitz egin behar dut nik? Galdera hori izan zen abiapuntua, eta galdera horri erantzun beharrak eman zidan azkenean hilabetearen egitura.
Josu Bilbaorekin batera ikasi nuen, eta urte luzez berarekin harremanik izan gabe egon ostean, topo egin eta hizketan hasi ginen. Arte plastikoetatik dator bera, eta aspaldian Estanis Comellarekin egiten du lana.
Bukaeratik hastea erabaki genuen orduan. Ekitaldi irekian zer egin erabaki ondoren, nahi genuen hori egiteko espazio egokienaren bila etorri ginen Dinamora. Espazioak asko hitz egiten baitu. Eta halaxe erabaki genuen bigarren solairuan egitea, hutsik dagoen horretan. Bere biluzian, bere gordinean, edertasun berezi bat baitauka.
Espazioa izan da nire lan ildoetako bat. Eta horrekin lotuta, garbi neukan asteazkenetan eskola Dinamoan emango nuela baina larunbatetan Azpeitiko hainbat espazio ezagutzera atera nahi nituela ikasleak. Eta hala joan gara Corrugados ingurura, espazio industrial bat ezagutzeko; Izarraitzen magalera, espazio natural batera; eta azkenik Olatzeko komentura, espazio espiritual baten bila hasieran, baina espazio erlijioso bat topatuz finean.
Espazio bakoitzean idazketa ariketak egitea zen kontua, ariketa indibidualak, eta espazio bakoitzak nola eragiten duen sentitzea. Egia esan, alde horretatik irakasle baino gai jartzaile izan naiz. Eta edizio honetako aurrenekoa nintzenez garbi neukan nire hilabetean beroketa lanak egitea zela helburua, zaintzea, minik ez hartzeko. Eta taldea egitea. Horretan uste dut asko lagundu dutela larunbatetako txangoek.
Horren berri ere ematen nion Josuri. Bera izan da nire interlokutorea. Egun batean esan zidan hizkuntzaren jatorri artistikoaz egin zuela tesina Linguistikan, eta tomateak bota zizkiotela. Horri heltzea pentsatu nuen orduan. Ze niri hori asko interesatzen zait, hitza baino lehenagoko hitza, espazioa, keinua, gorputza, hitzaren parte dira horiek ere. Ze hitzaren esanahia ez da hitzean ahitzen. Eta hori hartu dut ardatz nire hilabetean: Protohizkuntza. Hala izendatu dut. Eta galdera egin diet ikasleei? Zein da Protohikuntzaren kualitatea? Zer litzateke Protohizkuntza arkitekturan? Eta arte plastikoetan?
Ekoizpenik ez, emaitzarik ez. Espektatibarik ez. Hasieratik esan nien hori, ariketak baizik, beroketa lanak. Esan dut ariketa indibidualak zirela, baina ez dut esan ez genituela konpartitu ariketa horiek azkeneko astera arte, eta hori ere oso ondo egon da. Bakoitzak bere bidaia egin du eta azkeneko asteazkenean partekatu dugu besteekin. Shock egoera aipatu zuten, hau zertarako da? Zer zentzu dauka? Noraeza, deserosotasuna, erridikulua eta beldurra. Neuk ere sentitu ditudanak. Inpostore ere sentitu naiz, eta frakasoaren aukera gogorra egin zait.
Baina azken asteazkeneko konpartitze horretan ikusi nuen taldeak ausardia daukala, prest daudela etorriko diren proposamenei erantzuteko. Entxufatuta eta konektatuta daudela esan zuten, eta nabari zen hori euren jarreran
Protohizkuntzaren ideia horretatik, saiatu naiz idazketa ariketa horietarako erreferentzia batzuk ekartzen. Ixiar Rozasen Beltzuria eta Unisonoa lanak aipatu ditugu, Veronica Gerber Bicecci eta Clarice Lispector ere bai. Eta Gertrude Stein. Testua beste norabaitera eramatea izan da nire asmoa. Desplazatzea, deseraikitzea, esanahiaren kontra joatea.
Hitzak ez daude bakarrik.
Eta idazketa hedatuaren ideia horrekin ariketak egitea ederra izan da, haientzat beste niretzat.