MIREN ARTETXE: hizkuntzarekin dugun harremanaz
Nik nahi dudana eman dut nire hilabetean. Unibertsitatean eman ezin dudana.
Irakurketa bat proposatu nien eskola hasi aurretik, lehen egunerako irakurrita ekartzeko: Sylvia Molloyren Hizkuntzen artean bizitzea.
Asteka banatu nuen eman beharrekoa. Eta hasteko kontu bat jarri nuen mahai gainean: hizkuntza eta ni. Eta horrekin lotuta bi galdera:
- Zein harreman izan dut zein hizkuntzarekin?
- Zein hizkuntzatan izan dut zein harreman?
Kontu interesgarri asko atera zen hor, eta bakoitzak hizkuntzekin daukan harremanaz jardun genuen hizketan, bakoitzak nola bizi dituen ikusi genuen, oso kontu intimoak konpartituz.
Hortik beste bi galdera egitera pasa ginen:
- Zer pentsatzen dut hizkuntzaz/ez?
- Zer pentsatzen dut hizkuntzaren bidez?
Eta hor ere hainbat kontu atera ziren… Ikusi genuen, esate baterako, hizkuntza bati buruz pentsatzen duguna konstrukto bat dela, clichera jotzen duena askotan, eta hori zergatik gertatzen den aztertzen saiatu ginen. Hizkuntza ideologia deitzen zaion hortatik tiraka, ikusi genuen zergatik iruditzen zaigun alemana gogorra, edo swahilia primitiboa, besteak beste.
Eta aipatu genuen dilema zahar bat: hizkuntzaren bidez pentsatzen dugu? Hizkuntza bakoitzak mundua pentsatzeko modu bat ematen digu? Hizkuntzaren arabera bakarrik pentsatzen dugu mundua? Edo hizkuntzarik gabe ere pentsatu dezakegu mundua?
Ume basati edo hezigabearen mitoa ere atera zen hor. Eta aipatu genituen azken aldian egin diren azterketek esaten dutena: bost urte bete aurretik hizkuntza ikasten ez duen haurrak handik aurrera seguruena ez duela ikasiko, garunean funtzio hori betetzen zuen zatia itzali bezala egiten omen delako.
Lera Boroditskyk hizkuntzaren gainean egindako azterketak eta lanak ere ekarri genituen, hizkuntza bakoitzak eman dezakeen ikuspegi arras desberdina ulertzen saiatzeko.
Hirugarren astean beste jauzi bat eman genuen: eta nola gorpuzten da hizkuntza? Hor beste bi kontu bat ekarri nahi izan nituen:
- Ahotsa gorputz
- Ahotsa mintzaleku
Ahotsarekin mintzo gara, eta nor bere ahotsetik mintzo da. Fonografia azterketek esaten dute gure lehen hizkuntza ez den beste hizkuntza batean mintzo garenean gure ahotsa bera ere aldatu egiten dela.
Eta ahotsarekin amaitzeko, Maialen Lujanbioren rr ekitaldi irekia izan genuen.