ARANTXA ITURBE
Bigarren edizioko lehen irakaslea izan zen Arantxa Iturbe, eta pandemia betean geunden oraindik. Kontaktu zuzen bat kutsatu egin zenez (ohitu egin ginen hizkera honetara, arraioa) etxean geratu behar izan zuen isolatuta, eta astebete beranduago hasi ginen eskolarekin, eta hiru asteko tartean eman behar izan zituen tokatzen zitzaizkion orduak.
Arantxa Iturbek garbi zeukan zein izango zuen ardatza: hitza esateko da. Idazle izateaz gain, irrati esataria ere bada, urte asko daramatza langintza horretan, egunero irrati saioa prestatzen eta egiten, eta bazuen kezka berezi bat esateko diren hitzekin. Irudiak dena hartu duenean, entzunezkoak indarra galdu duela zioen, eta aldiz, berari horixe zela benetan garrantzizkoa egiten zaiona, hitza, esaten dena, entzuten dena.
Ikusentzunezkoei irudia kentzen probatu zuen, ea entzunda bakarrik funtzionatzen ote zuten jakiteko. Entzuteko egindako hainbat erreferentzia jarri zizkien. Esan zien hizkuntza plastilina dela: jostailuzko kotxeak istripua izan du. Esan zien idazteko esan behar zuten bezala.
Eta ikasleak irrati-nobela bat egiten jarri zituen, gero ekitaldi irekian bi aktorek erabat modu diferentetan emateko. Ondoan daukazu emaitza.