MIREN GAZTAÑAGA

Nor bere buruarekin jarri. Hori izan zen Miren Gaztañagaren asmorik behinena. Gauza ludiko bat planteatu zuen, esperientzia eta esperimentazioa batuz, hitzarekin eraiki aurreko ideien ehiza proposatuta, probokazioak sortuz. Nor bere buruarekin jarri.

Nola narratzen dugu egunerokotasuna? Nola kontatuko zenituzke sekula izan ez dituzun oroitzapenak? Nola kontatuko zenuke zure bizitza? Eta ariketa: ekarri 11 irudi zure bizitza kontatzeko. Lagundu irudi horiei hitzez, baina idazkera automatikoz sortuak, aldatu gero narrazioak, apurtu irudien solemnitatea, asmatu zure narrazio propioa.

Eta beste ariketa bat: nork bere autoerretratua margotu.

Eta jolas sentsorial bat: begiak itxita ibili, beste batek gida zaitzan utzi. Entzumenari eman garrantzia, kideari. Kidetasunari.

(Ez dakit nork aipatu zuen: elkarrekin lana egiteko nahikoa da gauza bat onartzea: besteak ez direla gu bezain onak izango.)

Eta beste bat: pertsonaia sortu. Etengabeko performancean ari gara. Erabakiak hartzen ari zara uneoro. Sorkuntza prozesu betean zaude beti.