
Kulturaz kultur kooperatibak sormena babestu eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, DOI erakusketa programa jarri du abian.
Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da ekimen hau, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan. Sormen jardunaren zirkulua itxi eta komunitatea elikatzen jarraitzea da kontua.
Eta komunitatea diogunean uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun gehiago ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea.
DOI_07: VIVIANE STRAUB
Susmoa dut behin artista baten sormen prozesua ezagutzen duzunean, dagoeneko ez dituzula lehen bezala ikusten bere artelanak; ia-ia amaieran erakusten duena axolako ez balitzaizu bezala da.
Artista ikusten duzu, ibai hegian ikusten duzu, jendeak edozein bazterretan bota eta ibaian bukatu duten arropak, zapiak, zeinahi ehun berreskuratzen iragana deskorapilatzen ariko bailitzan. Orain ur gainean dagoen adarra urpean egon zen euriteen sasoian, hantxe katigatu zen jertse baten mahuka; haizeak biraka erabili, urak adarrera lotu du, bueltak eta bueltak eman dizkio, bizitzak geurekin egiten duen antzera.
Inork ez du artistarik behar. Dena ohitura, dena errua, dena barkamena, inork ere ez du oroimenaren korapiloa deslotzen. Baina artistak jarraitzen du ehun zikinak biltzen guretzat, adarretatik deslotzen, korapilatzeko eman dituen buelta guztiak alde erantzira ematen, gu ere alde erantzira erakusteko: hondakinak eta hondakinak besterik sortzen ez dituen gizarte bat. Eta ez zaiona asko axola, antza, muturren aurrean ez dauzkan bitartean.
Hala ere, Viviane Straub ez dator gure kontzientzia ekologista piztera, ez da hori bere lana. Bere sormen prozesuan, hondakinak lehengaia dira, proposamen estetikorako ekai. Baina lantzen dituen bezala landuta, ikuslea ohartu ere ez da egiten edozein bazterretan jasotako ehun zikinak direla artelanaren bilbea osatzen dutenak. Garbitu eta bizi berria ematen die artistak, beste forma batera ekarri, beste modu batean eman.
Eta forma horrek, naturarekiko sentiberatasuna baino, edo horrekin batera, beste hainbat kontu harilkatzen eta barnebiltzen ditu. Paisaiaren ideia bera, hasteko, gaur egungo gatazka askoren jatorrian dagoena, bidenabar esanda. Edo bazterrak eta bazterrekoak. Eta koloreak eta testurak, nola ez.
Eta hala ere, amaieran erakusten duena gutxi axola zaizun arren, edertasun berezi bat darie pieza hauei, eta iruditzen zaizu ondo betetzen dutela artearen egitekoa.
Viviane Straubk ondu duen erakusketa Foru Ibilbideko erakusketa aretoan egongo da ikusgai:
Bi bisita gidatu eskainiko ditu sortzaileak erakusketaren berri bere ahotik entzun nahi dutenentzat. Bata, maiatzaren 24an, 12:00etan. Bestea, maiatzaren 29an, 18.00etan.
Erakusketa Maiatzaren 16tik Ekainaren 1era arte egongo da irekita, hau barne.
Astelehenetik ostiralera: 18:00-20:00
Larunbat eta igandetan: 12:00-14:00
Hemen duzu erakusketaren inguruko txosten osatua
