40 | ANTTON TELLERIA

Antton Telleria Tolosan jaio zen 1993an, eta Eibarren sortu handik urte batzuetara, jendearekin konektatzeko daukan dohaina ikusi genionean. Lehendik ere ezagun zuen umorerako eta zirirako joera, ez genekiena zen hain serio hartzen zuenik umorearen kontu hau, eta isilean landu zuela luzez, eta fedea duela egiten duen horretan. Kazetaria, irrati esatari eta telebista aurkezle ibilia, musikaria ere bada. Gehienok, ordea, bere umorea eskertzen diogu gehiena. Nekatutak ikuskizunarekin irabazi gintuen. Gutaz eta guri ari zaigula irizten diogulako, zorrotz bezain zintzo.

39 | LUIS LAZKANO

Zeinek egiten du mundua? Zeinek egiten du mundua egunero-egunero, eguna joan eta etorri? Munduak badenik ere ez dakien txoko batean, biltzen joandako gauzak antolatu zituen Luis Lazkano Lazkanok, intentzio artistikorik gabe beharbada, baina oso modu artistikoan.

38 | SAHATSA JAUREGI

Sahatsa Jauregi Brasileko Itaparican jaio zen 1984an, hazi Hernanin, Bilbon bizi da egun. Artista da, eskultura lantzen du gehien bat. Gizakiok, inguratzen gaituen mundu horrekin, deskuidoz edo borondate artistikorik gabe eratzen ditugun ariketa sentsibleak interesatzen zaizkio. Zaharkitutako denden eskaparateak, Ikea aurreko etxeen dekorazioa, putetxeetako iruditegia, funtziorik gabeko objektuak, objektu zatiak, funtzio bikoitza dutenak, nerabeen logelak, material nobleak imitatzen dituzten material txiroak edota milanuncios moduko sal-erosketa orrialdeetako argazkiak. Garaikurrak baino, garai baten ikurrak.

37 | IA DENA

Aditzen du adimen artifizialak? Adi dago adimen artifiziala? Adimenik badu adimen artifizialak?
Badaki galderak egiten adimen artifizialak? Zer daki egiten adimen artifizialak? Badaki aginduak ez betetzen? Badaki isilik egoten hitz egiteko eskatzen zaionean? Badaki euskaraz egiten adimen artifizialak? Zer daki adimen artifizialak?
Zertarako da adimen artifiziala?

Zerk egiten du hain erakargarri adimen artifiziala? Ispilua izateak beharbada?

36 | ASIER GOGORTZA

Asier Gogortza Beran jaio zen 1976an. Argazkilaria da, eta argazkietan jaso du bere ingurua. Bere orain arteko proiekturik gehienetan atzera begira aritu da, galtzen ari zen mundu baten aztarnak gorde nahian bezala. Bunkerrak, bordak, frontoiak, ipar aldera ematen duten paretak… arkitekturarekin lotutako lanak izan dira asko. Pandemiarekin, ordea, beste era bateko lanari ekin zion: Hariztia. Paisaia bat sortu, hazten ikusi, zaindu eta ondorengoentzat uzteko.

35 | HERRIYE

Zer da Herria? Zerk egiten gaitu Herri? Hitzak segituan loditzen dira maiuskulaz hasten direnean, oharkabean puztu eta, agian, baita barrua hustu ere. Eta zer da Herriye? Zer da Azpeitia, gure Herriye? Adjetibo desberdin bat jarriko genioke bakoitzak gure herriari. Galdera horien bueltan bildu ziren hainbat antzerkizale 2021eko irailean eta erantzun nahiean katramilatu da jendea bitartean. Iazko azaroan ‘Herriye’ antzezlana aurkezteraino. Erantzun argien faltan, katramila horixe baita, agian, gure definizio ederrena.

34 | SO

Nahaste-borrastea. Astoaren arrantzak elkarrizketa mozten dizu batzuetan, izorratu beharrean solasaldia aberastuz. Antzeko zerbait gertatzen da Iban Urizar, Sara Fontán eta Edi Pou -a.k.a. Amorante & Los Sara Fontán- lau horma artean batzen dituzunean. Sartuko dizkizute perkusioak, tronpetak, txintxarriak, soinu testurak, sampler-ak, bibolinak, mugikorreko bideoak… Nahastuko dizkizute bizi gaituen munduaren zaratak, “Maritxu nora zoaz” eta New Orleanseko doinuak. Jerarkiarik gabe, jolasa ardatz hartuta. Sortuko dizute nahaste-borraste handi bat.

33 | BEÑAT ZUBILLAGA

‘Idaztea da kaiola apurtzeko modu bakarra’ dio, tabakoa papelean biltzen duen bitartean. Leihotik begira, hiria ikusten da. Zigarroa piztu eta behatz artean hartu du berriz. Azkazal luze margotu berriek dir-dir egiten diote. Gertu, eskumuturrean, tatuaia bat: LIBRE.

Beñat Zubillaga azpeitiarra da, 2003an jaio zen eta, Libre bere bigarren nobelako protagonistaren gisan, Madrilera joan zen bizitzera iaz. Armairuaz, maitasunaz, desirez… jardun dugu luze solasean.

32 | BEGO VICARIO, ISABEL HERGUERA ETA IZIBENE OÑEDERRA 

Zinea segundoko 24 egia da, esan zuen Jean-Luc Godard zuzendariak, eta halaxe da animazioa ere, nola ez ba, segundoko 24 marrazki, bakoitza bere egiarekin, egilearen egia singularrarekin. Arte minorra da hainbat jenderentzat, ez dakigu zergatik. Gauza eder askoak dauzkate, esate baterako, Bego Vicariok, Izibene Oñederrak eta Isabel Herguerak. Hirurak elkartu ditugu, lasai-lasai berba egiteko euren lanaren inguruan.

31 | ERAKUSTEN EZ DENA

Aurtengo martxoan itxi zen Baginen Bagara. Emakume artistak, ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa Donostiako San Telmo Museoan. Orain arte oso gutxitan ikusi izan diren lanak eta artistak ikusteko aukera eman zuen erakusketa honek. Guk pixka bat haratago joan nahi izan dugu, eta normalean erakusten ez den hori erakusteko ahalegina egin, ze erakusketak eraiki egiten dira, eta deseraiki, eta hurrengo batera arte ilunpetan gorde.

30 | BINGO NUDISTA

Bingo Nudista espedizio bat da; mapak galtzean hasitako bidea. Ausazkotasunari aurre egiteko bidaia bat, Ipar edo Hego Polora, errealitatea eta fikzioa nahasten diren muga lausora. Tximuak gidari, errege-erreginak bizikletan, soineko gorriak dantzan, gorputz-adarrak airean…

Konspirazioan batu ditu Oier Guillanek Metrokoadrokako lagunak eta Hitzaren Eskolako ikasleak. Bingo Nudista elur-erauntsi bat da: kaosean murgiltzera gonbidatzen zaituztegu.

29 | GAUR

1966an sortu zen GAUR taldea, Donostiako Barandiaran galerian egindako erakusketa kolektiboarekin. Talde hartan ibilitako artista batzuen lanak ibilbide luzea egin du harrezkero, herri mugimenduen irudi izatetik hasi eta arropetarako diseinu izateraino. Erabat finkatu eta barreiatu den iruditeri horren gainean egin du ikerketa Ane Lekuonak, eta gu bere eskutik ibili gara gaur ezagutzen dugun Euskal Herrian barrena, izan zitekeena eta izan ez zena gogoan.

28 |Album (Formol Laborategia)

Zer egiten du ostruka batek arrainontzi baten barnean? Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko? Galdera serioak airera bota eta umorez erantzun dituzte ‘Album’ antzezlanean. Dinamoan obraren sortze lanetan eta Soreasun estreinaldi egunean, kamera eskutan kuxkuxean ibili ginen.

27 | ROSA VALVERDE

Rosa Valverde (1953-2015) artista da. Haurtzarotik pintatzen zuen arren, 70. hamarkadan hasi zen bere lanak erakusten. Hasierako lanetan surrealismo onirikora hurbiltzen zen estiloa erabili zuen, baina bere lana denborarekin aldatuz joan zen, bere inguruak estilo oso propioarekin irudikatzera iritsi arte. Pinturaz gain, objektuekin osatutako kutxak ere egin zituen, bere unibertsoaren berri ematen digutenak. Bere lana oraindik sakon ikertzeke dago.

26 | NAGORE LEGARRETA

Nagore Legarreta Hernanin jaio zen 1981ean. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen. Hernaniko Kronikan lanean jardun zuenean engantxatu zen argazkilaritzarekin. Ikastaroak egin zituen, tailerrak jaso argazkilarien eskutik. 2009an argazkilaritza estenopeikoa ezagutu zuen, eta kolpetik maitemindu. Argazkiak egiteko modurik primitiboena bihurtu zen bere adierazpide. Edozerekin kamerak sortu ahal izateak liluratu zuen, argazki modu horrek eskaintzen zion giro oniriko eta zehaztasunik gabeak. Harrezkero lan ugari egina da, liburuak argitaratu ditu, jaialdietan ibili da harat-honat. ‘Ibaia ez da leku bat’ proiektuarekin dabil, besteak beste, eta eskuak uretan harrapatu nahi izan genuen guk.

25 | BIDEGURUTZEAN

Deabruari arima musika dohainen truke bidegurutzean saldu ziola dio Galder Izagirre eta konpainiak berreskuratu duten kondairak. Istorioari segika, bele baten begiradatik Sanagustin kulturgunea gurutze bat dela ohartuta, bertarako bidea marraztu zuten, Amorante, Sara Sozaya eta Belako eliza zaharra profanatzen grabatzeko. Gu kameralarien atzean jarri ginen, elizan baimenik gabe konfesioak entzuten zituen haur txikiaren gisan zelatan.


24 | EULALIA ABAITUA

Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853-1943) Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria da. Bilbon hazi arren, 1873an Liverpoolera joan zen bizitzera, Bigarren Karlistadatik ihesi. Bertan ikasi zuen argazkilaritza. Gerora, Bilbora itzuli zen, eta argazki laborategia osatu zuen bere etxean, Begoñako Basilikatik gertu. Berak egindako milatik gora argazki mantendu dira. Senideak eta persona xume, apal eta ia beti anonimoak izan ziren bere argazkietan protagonista.


23 | ATERA

Askotariko jendea elkartzen da Azpin: arkitektoak, zinegileak, artistak… Lantokiaz harago, sormena landu eta elkarbanatu, hiriaz hausnartu. Atea ekimenaz ireki izan dituzte trukerako bideak. ATERAn, bosgarren edizioan, Egiako txoko, denda eta aldapetan barrena hedatu da atea: fanzineak zapatadendan, diskoak farmazian, liburuak jostunaren aldamenean. Bertan sartu gara.


22 | IRATZOKI & LIZASO

Iratzoki Lizaso, Euskal Herrian sorturiko industri diseinu estudioa da. Elkarrekin zenbait urtez lan egin ostean Jean Louis Iratzoki eta Ander Lizasok 2016an partzuergoa sortzea erabaki zuten.

Diseinu esparru ezberdinak jorratzen dituzte: etxe edota bulegotarako altzariak, ehungintza, argiak, osagarriak, arkitektura efimeroa eta abar.
Honetaz gain, zenbait marken zuzendaritza artistikoaz ere arduratzen dira. Euren lanak elementu afektibo zein naturalak izan ohi ditu eta denboran irautea du xede nagusietako bat.


21 | ARANTZA FLORES

Arantza Flores Urdiainen jaio zen 1981ean. Bartzelonako Institut del Teatren, Arte Eszenikoetan goi mailako teknikari titulatua da, argiztapeneko espezializazioan. Katalunian hainbat konpainiarentzat egin zituen lanak 2004 eta 2015 urteen artean. Bilbon bizi da egun, eta Euskal Herriko arte eszenikoen eremuan hainbat eta hainbat lani jarri dio argia. Azken lanak Horman Poster Kolektiboaren Antigone eta Artedramaren Atzerrian Lurra Garratz izan dira. Teknika eta diseinua uztartzea helburu, Arriaga Antzokiko argi teknikaria da.

20 | TRIBIZ

Jon Ander Urresti Ugalde Bermeon jaio zen 1992an. Filosofian graduatu zen, eta ondoren DANTZERTIn, arte eszenikoen goi mailako eskolan. Aktorea da. Bere bakarkako lana da Tribiz, baserri galduen gorputz biziak erakusten dituena. 700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi da, atez-ate. Edo honetaz geratzen den harri eta haga erorien aurrean. Han egon nahi izan dugu guk ere berarekin.

19 | LOS SARA FONTÁN

Esperimentazioaren emozioa da Sara Fontán, Edi Pou energia polierritmikoa: biek osatzen dute LOS SARA FONTÁN. Proiektuaren hasieratik diskorik ez grabatzeko hautua egin zuten; zuzenekoak bizi ditu: fisikoa, aldakorra, unean unekoa, lekuan lekukoa, industriaren errutina produktibotik ihesi. Inprobisazio gidatuan oinarritutako tailerra eman zuten Dinamoan, eta zoramen eder hartatik lagin hauxe ekarri dizuegu bideo honetan.

18 | LABANA ETA ORBANA

LABANA ETA ORBANA arte grafikoen esperimentazio tailerra izan da, 2020ko udazkenean egin duguna Dinamoan. Alaitz Alberdi (Azpeitia, 1982) eta Joseba Agirrezabalaga (Azpeitia, 1982) izan dira tailerra eman dutenak. Serigrafia, linografia eta beste arte grafiko batzuk aztertu, ikasi eta probatzeko aukera izan dute hamabost parte hartzaileek, beti ere teknika menderatzea baino irudiak sortzeko prozesuaz kontzientzia hartzea xede; teknika muga baino akuilu hartuta, akatsa baliatzea nork bere lana garatzeko.

17 | MARKOS GIMENO

Markos Gimeno Vesga Ermuan jaio zen 1974an. Artista polifazetikoa eta hitz-joko egile aparta izan zen. Sormenerako gaitasun handikoa. Ingurukoak alaitu, entretenitu eta pentsatzen jartzeko dohaina zeukan, baina depresioak ere jotzen zuen tarteka, eta 44 urterekin, bere buruaz beste egin zuen. Haren ordenagailuan azterka ibili ondoren beste lan andana aurkitu zuten, eta erakusketa jarri Ermuan 2019an. Aitzakia horretatik abiatuta egin dugu bideo hau, in memoriam.

16 | TESTURA

Napoka Iria desegin ondoren hainbat proiektutan ibili zen Ander Mujika musikari, baina denbora baten ondoren tiraderan gordeta zituen zirriborroak atera eta oso berea izango zen zerbait marrazten hasi zen. Felix Buff eta Johannes Buff hartu zituen bidelagun soinu geruzen eraikuntzan. Maialen Belaustegik gardenkien proiektorea baliatuz diskoaren inguruko iruditeria landu zuen. Horrela sortu zen TESTURA, eta izen bereko diskoa kaleratu zuten 2020 martxoan Forbidden Colours etxearekin. Dinamoan prestatu zuten zuzeneko emanaldia, eta bertan eman aurkezpen kontzertua. Kontzertu horretako geruzak jaso ditugu bideoan.

15 | AMORANTE

Amorante Iban Urizarren izen artistikoa da. Tradizioari traizio egitea zilegi dela mantentzen duen musikaria, tronpeta jolea eta kultura musikal ezberdinen maitale eta zalea. Musika ikasketa akademikoak ditu. Tronpeta bidelagun, hainbat proiektutan hartu du parte, hainbat musikariren diskoetan zein zuzenekoetan jo du. Herri musikatik abiatu eta ertzetatik mugitu den musikaria da. Disko berria atera du oraintsu: BAT EDO HIRU (2020, Forbidden Colours). Aitor Etxebarria musikaria izan da ekoizlea, ‘El_Txef_A’ ezizenarekin mundu osoan DJ gisa aritu ostean garai berri bati ekin diona bere izenarekin, eta MALA estudioan aritu dira lanean. Hantxe harrapatu genituen.

14 | GEHIENGOAREN HIRIA

Gehiengoaren hiria Pasaiako badiako arkitekturaren inguruko gogoeta bat da. Pasaiako badia, Espainiako desarrollismoaren garaian garatutako hiri gune askoren antzera, itsusitzat jotzen da. Liburuak Pasaiako eraikinen erradiografia bat egiten du eta itsustasunaren kontzeptua kolokan jartzen du, nostalgiaren inguruko gogoeta bat eginez. Lan hau, bere esentzian, inoiz aintzat hartu ez den arkitektura bati egindako omenaldia da.

13 | erraia

Erraia zigilua Gasteizen 2018an sortutako batze lana da. Musika proiektuen zabalkundean autoedizioa bide duten taldeen indar batuketa. Arabatik abiatutako proiektua, kantuen loratze eta zabalkundean zigilu berdinaren babespean aurkezten direnak. Hurbiltasunak batu zituen Joseba B. Lenoir, Miren Narbaiza MICE proiektuarekin, Izaki Gardenak, Jon Aranburu eta udaberrian desegin zen Montauk taldea.

12 | basolatik berri onik ez

‘Basolatik Berri Onik Ez’ Xabiroi aldizkarian atalka argitaratu den nobela grafikoa da. Orbaitzetako arma fabrika zaharraren deuseztatzea oinarri hartuta, Dani Fanok proposatu, Asisko Urmenetak idatzi eta Joseba Larretxek marraztutako alegiazko istorioa da. Laster, liburu formatuan kaleratuko da.

11 | atopia

Atopia RPG Euskal Herri surrealista batean kokaturiko rol-jokoa da, ETZI PMko kideek 2019ko Durangoko Azokan plazaratua.
Marxialistak, lur4ak, ikurrin daltonikoak, errobot-lehendakariak edo dinosauroak. ‘Konspirazio guztiek dute balizko arrazoia Euskal Herri garaikidearen bertsio alternatibo honetan’.
Eneko Olazabal eta Xabier Landabideari egindako elkarrizketak izan behar zuen erreportaje honen ardatza. Baina errealitatez betetako luizi batek hankaz gora jarri du dena azken hilabeteotan.

10 | HISTERIA (HATXE)

Idoia Hernandez Hatxek beste hainbat artistekin batera osatu duen Histeria proiektuaren sorkuntza prozesua du oinarri ikus – entzunezko honek. Lau une uztartzen dira bertan: Dinamoa sormen gunean irudia landu zutenekoa, Azpeitiko udal musika bandaren lokalean musika sortu zutenekoa, Sanagustin kulturgunean emaitza aurkeztu zutenekoa eta emaitza bera.

09 | MIÑAN

Miñan argitaratu eta hiru hilabete geroago, Amets Arzallusek Ibrahima Balderengana Madrilera egindako bisita bat du oinarri ikus-entzunezko honek. Ibrahima Balderen egunerokoa azaldu eta, bide batez, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migranteen aferaz hausnartzen da bertan.

08 | XANTI AGIRREZABALA

Xanti Agirrezabala Azpeitian jaio zen 1997an. Aktorea da. Dantzerti eskolako lehen promozioko ikaslea. Haurra zela Alaitz Olaizolarekin ikasi zuen antzerkia; ondoren, Amancay Gaztañagak zuzendutako zenbait obretan parte hartu du eta telebistako Goenkale eta Ihesaldia telesailetan egin du lan. Satiro antzezlana du bakarkako lehen lana.

07 | GARAZI PASCUAL

Garazi Pascual Lasturren jaio zen 1989an. Kable gaineko dantzaria da. Iruñean, Parisen eta Erroman ikasi zuen zirkua. Euskal Herrian Garazi & Cia zirku garaikideko konpainia sortu berri du. Azken lana ‘Erraia’ deitzen da, bertan kable gaineko dantza musikarekin eta beste zenbait gorputz lengoaiekin uztartzen du.

06 | iñigo astiz

Iñigo Astiz Iruñean jaio zen 1985ean. Idazlea eta Berria egunkariko kazetaria da. ‘Baita hondakinak ere’ eta ‘Analfabetoa’ poesia bildumak idatzi ditu. Sylvia Plathen poema antologia bat euskaratu zuen eta beste zenbait kazetarirekin batera ‘Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan’ liburua argitaratu zuen. ‘Joemak eta Polasak’ haurrentzako poesia liburu ilustratua argitaratu berri du Maite Mutuberriarekin batera.

05 | Barbara Stammel

Barbara Stammel Söckingen jaio zen, Alemanian, 1960an. Margolaria da. Getarian bizi da 90eko hamarkadatik. Arte Ederretako ikasketak egin zituen Munichen eta Bartzelonan. Materiak garrantzia handia du bere lanean. Erretratuak egiten ditu nagusiki. Hainbat lekutan erakutsi ditu bere lanak.

04 | Xabier Luberriaga

Saran jaio zen 1978an. Luthier profesionala da. Ebanisteria eta marketeria ikasi zuen Pauen. Poitiersen berniz teknikak ikasi ondoren Patxi Atozki luthierraren tailerrean aritu zen laguntzaile. Gaur egun tailer propioa du Zugarramurdiko bere etxean eta gitarra mota desberdinak egiten espezializatuta dago. Besteak beste, Ruper Ordorika, Andoni Tolosa edo Joseba Irazokiren hainbat instrumentu egin ditu. 

03 | Danele Sarriugarte

Danele Sarriugarte Elgoibarren jaio zen 1989an. Idazlea eta itzultzailea da, eta gaur egun Donostian bizi da. Itzulpengintzan graduatu zen eta Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua masterra egin zuen Bartzelonan. Bi liburu idatzi ditu Erraiak (2014) eta Azala Erre (2018).

02 | Rouge Elea

Rouge Elea 2003an sortu zuen Corine Cella zirkolariak. Duela 10 urtetik Ander Fernandez musikariak eta biek zuzentzen dute. Zirkoa, dantza, musika eta hitza dira haien adierazpide nagusiak. Biutz, Ronde-bi ahizpa, Zuek eta Hau da nire ametsen kolorea lanak sortu dituzte. Zuhaitzarekin solasean dute azken obra.

01 | JUAN PALACIOS

Juan Palacios Eibarren jaio zen 1986an. Zinegilea da, eta gaur egun Amsterdamen bizi da. Ingurumen Zientzietan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua. Hainbat film labur egin ditu. Bere lan mardulenak Pedaló (2016) eta Meseta (2019) dokumentalak dira.

Zer da Dapa?

Bizi gaituen mundua irudi eta soinuen segida batekin kontatzen digute batez ere, eta ezinbestekoa zaigu guk ere mundua, baita geure mundua ere, ikus-entzunezko narrazio batekin kontatzea, geuretik, euskaraz, egunero egiten eta desegiten gaituen kultur sorkuntzan jarriz gure bizinahiaren epizentroa. 

Kulturazek ekoitzitako saioa da (Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak), Dinamoa sormen gunean duena bere habia. Yuri Agirrek, Nora Alberdik, Aitor Bengoetxeak, Xabier Gantzarainek, Ander Mujikak, eta Iker Treviñok osatzen dute lan taldea.

JALGI egitasmoa da kultur saio honen sustatzailea. 

Proiektuak Fagor Fundazioaren eta 2DEO ikus-entzunezkoen laborategiaren babesa jaso du.

Dapa Taldea 

Dapa laguntzaileak