AMETS ARANGUREN: Zer harreman dugu isiltasunarekin?
Galdera bota zenidan: zer harreman duzu hitzarekin? Eta hortik hasi nintzen. Nik segituan eman nion buelta, eta esan nuen: hitzarekin ez dakit, baina isiltasunarekin zer harreman dut? Eta heldu zitzaidan burura iaz idazle hungariar bati entzun nion esaldi bat, esaten zuena bizi garela etengabe bere esistentzia demostratu behar duen jendarte batean. Eta hor hasi nintzen pixka bat lotzen gaur egungo gehiegizko estimuluekin, gehiegizko informazioarekin, eta betikoa, ze leku duen isiltasunak momentu honetan gure jendartean. Bueno, ze leku duen, zer den, esistitzen al den edo ez… esistitzen bada, ausentzia edo presentzia bat den, egoteko leku bat den, edo trantsizio bat, ahulgunea edo boterea, hortik abiatu nintzen.
Musikaren mundutik natorrelako heldu nion beharbada isiltasunaren gaiari. Ez dakit. Baina arriskatzea erabaki nuen. Iritsi eta lokatzetara. Inolako aurkezpenik egin gabe hasi ginen John Cage konpositorearen 4´33´´ pieza entzuten. Ondoren beste dokumental bat jarri nien, John Cage eta Roland Kirk isiltasunaren inguruan hizketan. Hasiera bortitz samarra izan zen, ze hasierako isiltasun hori mantentzen saiatu nintzen ordu eta erdi batez. Eta konturatu ginen isiltasuna ez dela esistitzen. Xabier Erkizia ere entzun genuen, soinu baten azpian beti dagoela beste soinu bat esaten, eta isiltasuna ez entzuteko desira dela. Eta isiltasunaren forma diferenteak egon ginen ikusten.
Aurkezpenak egiteko eskatu nien gero -ordura arte zenbakiak baino ez ziren, zenbaki bat eman nion bakoitzari-. Baina ez ohiko moduan. Eskatu nien bakoitzak esan zezala nahi zuena, baina kontuan izanda zer isiltzen zuen. Ikusteko isiltzen zuen horrek ematen ahal ziola botere bat. Eta aldi berean, aurkezpen hori bukatzean, esan zezatela isildu duten hori esanen balute zer pasako litzatekeen, esan gabe zer den isildu duten hori. Eta hor agerian geratzen zen isiltasunak izan dezakeen boterea. Beti pentsatzen dugu zerbaiten falta dela isiltasuna, eta hor ikusten zen agian presentzia ere badela, edo izan daitekeela.
Eta eskatu nien hurrengo saiorako bakoitzak bere isiltasun faboritoa ekartzeko.
Hurrengo saioan Silvia Perez Cruzek musikatu duen poema bat ekarri nien, Pablo Messiez poetarena, Nombrar es imposible (izendatzea ezinezkoa da). Poema honek esaten duena da izendatzea ezinezkoa dela, hitz bakoitzak izendatzen duen hori izendatzen duenean egiten duelako izendatzen duen horren alderdi bereizgarri bakarra ezkutatu. Hau da, nik bi botilari botila izena jartzen badiet ari naiz omititzen bat berdea dela eta bestea urdina, edo bat txikia eta bestea handia. Beraz, izendatzea mugatzea da, eta ahaztea.
Baina aldi berean, eta ikasle bat aurreratu egin zitzaidan, guk oso ondo dakigu izena duena badela, izendatzen ez dena ez dela esistitzen. Hor dago Jorge Luis Borgesen poema hori ere, El Golem:
Si (como afirma el griego en el Cratilo)
el nombre es arquetipo de la cosa
en las letras de ‘rosa’ está la rosa
y todo el Nilo en la palabra ‘Nilo’.
Eta bide horretatik proposatu nien ariketa. Identifikatu behar zituzten bi kontu; batetik, zer gauzak daukaten izena eta daukaten soberan izena, eta bestetik, zer ez dagoen izendatua eta egon behar lukeen izendatua. Eta oso ariketa polita izan zen.
Azkenean, ariketa batzuk proposatu ditut, haiek balia zitzaten azkeneko saioan nork bere lana aurkezteko, edo bukaerako pieza, ez zuena zertan izan emaitza bat, izan zitekeen prozesu baten kontaketa. Eta baldintza bakarra zen lehengai gisa isiltasuna erabiltzea. Izan zitekeen argazki bat, hausnarketa bat, ipuin bat, zernahi.
Eta bakoitzak ekarritako gauzak ikusten eta entzuten pasa genuen hirugarren saioaren lehen zatia, eta bigarren zatian Ion Celestino ekarri nuen irakasle gonbidatu gisa.
ION CELESTINO: DINAMOA LAINO DAGO / BAIONAKO BARRARAINO
Euskal musikaren tradiziotik, elipsiaren estetikaren aitzakia horrekin, azaldu ditut musikan hor diren zantzu batzuk. Eta gero, halabeharrez, nola hori batez ere testuetan nabarmentzen den, eta batez ere koplaren tradizioan eta baladen tradizioan, horri buruz esan direnak kontatu ditut. Adibide batzuk irakurri eta kantatu ditugu, irudi ordezkaria eta irudi fokalaren teknika edo errekurtso hori ikusteko, bere eten eta guzti. Horren gainean izan da.
Euskararen tradizioaren ikuspuntu horretatik tira egitean, nire buruan isiltasunarekin lotzen nuen. Koplak sortzeko momentuan asko dago isiltasunetik, asko dago obserbaziotik, eta ez hainbeste barneko loturak egitetik, baizik eta, Aita Donostiak esaten duen bezala, haiku forma horretan. Isiltasuna izan daiteke soinuaren isiltasuna edo barne hizketaren isiltasuna.
Oso interesgarria egiten zait naturaren behaketaren begirada hori, uste dudana ongi heldu zaigula gaur egun, eta gure antzinako eta ez hain antzinako sorkuntzetan ere hor dago. Maitatzen dut behaketatik sortzen den komentario edo irudi ordezkari hori, atari ez logiko-sinboliko hori, non ezartzen den halako anbiente edo espazio bat. Eta proposatu dut horrelako begirada bat ematea bigarren naturari, Hitzaren Eskolan dabiltzan bitartean ikusten dituzten leku eta gauzei, baina begirada horretatik, garbitasun edo isiltasun horretatik.
Eta gero ariketa bat egin dugu, baliabide hori erabiliz praktikan jartzeko, eta aitzakia horrekin egun hauetan zehar hor izan diren jendeek bizi izan dutena, beraien bizipenak, beraien burutazioak sintetizatzeko, forma hori hartuta. Koplak egin ditugu, sortze kolektiboan, cadáver exquisito gisako zerbait, aurrekoarena osatuz eta zehaztuz. Hori izan da saioaren mamia.
AMETSA ARSANGUREN ARRIETA (Iruñea, 1998)
Musikaren eta saxofoiaren pedagogian graduatua, Nafarroako Hitza-n ibili da iritzi-emaile azken hiru urteotan eta Argia astekarian kolaboratzaile da hilean behin, zuzenekoen kronikak eginez.
Kulturaren bueltako egitasmo desberdinetan hartzen du parte Iruñean, LABA espazioa edo Iruinkokoa inauteria kasu. Egun, Euskalgintzaren Kontseiluan dabil lanean eta Ibil Bedi musika taldeko kide da.
ION CELESTINO | Amets Arangurenen irakasle gonbidatua
Argazkiak: