AMETS ARZALLUS: HIZKUNTZA DA GURE AZALA
Ez nuen inoiz holako lanik egin. Bertigoa ematen zidan, ikara pixka bat.
Bertigo hori uxatzeko astekako blokeak prestatu nituen, lau aste nahiko diferente.
Lehen astean kokapen teorikoa ezartzea zen asmoa. Frantz Fanonen figura hartu nuen abiapuntu, eta bere lana, batez ere Azal beltza, maskara zuriak liburua. Dekolonizazioaren ikuspegia landu nahi nuen. Eta biziki interesatzen zitzaidan Frantz Fanonek, psikiatra izanik, nola aztertzen zuen beltzen gutxiagotasun konplexua, eta horrek nola eragiten zion bakoitzari, bai maila psikikoan, baina baita maila sozialean ere. Batez ere maila sozialean.
Eta hor loturak daude euskaldun izatearekin. Gutxiagotasuna erreproduzitzen duen sistema batean bizi gara. Ahotsak.eus atariko testigantza batzuk ere jarri nizkien, adibide gisa. Eta guk ahalduntzeko lan egiten dugun bitartean, sistema hegemonikoa gu ahulduntzeko ari da etengabe lanean.
Angela Davis ere ekarri nuen, eta Eider Rodriguezek egin zion testua. Eta zapalkuntza hirukoitzaz mintzatu ginen.
Jose Manuel Pagoaga Peixoto etakide historikoari Berriak egindako elkarrizketa bat ere ekarri nuen, ETAren hasierako eztabaidak aletzen zituena, batez ere nazioa vs langile klasea ezaguna, iruditzen baitzait klase sozialen teoria kulturara ere aplikatu daitekeela, eta mintzatu beharko ginatekeela klase kultural dominanteaz.
Beste hainbat gauza ere ekarri nizkien lehen astean, tartean Xalbadorren Nigarra begian bertso sorta, Frantz Fanonena bezalako erradiografia klinikoa izan daitekeena, euskara abandonatzen duen jendeaz.
Bigarren astean literaturara jo nuen, neure eskarmentutik, eta Miñanen tripak erakutsi nizkien. Ibrahimaren kulturara hurbildu ginen lehenik, ahozkotasunak daukan indarra, eta memoria nola aktibatzen duen horrek. Hortik gure elkarrizketetan sortutako materiala erakustera egin nuen jauzi, zirriborroak, eta nola eraiki genuen Miñan. Eta nola eraman ahozkoa idatzira. Ariketak ere jarri nizkien eta gauza politak atera ziren.
Hirugarren astean bertso mundutik ibili ginen. Historia pixka bat eman nien, eta aztertu genuen nola aldatu den bertsogintza, bapatekoa batez ere, azken mendean. Txirrita aipatu genuen, Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio. Eta gero bertso eskola bat egiten ausartu nintzen ordubetean. Jolasten hasi behintzat.
Eta gaijartzailearen figuraz ere hitz egin genuen, beharbada gehiago daukana literaturatik, eta nola aldatu den aipatu genuen. Zer planteatzen da? Zer gai jartzen dira txapelketan? Zer gai jartzen dira txapelketatik kanpo? Nola tratatu behar da aktualitatea? Eta erabaki genuen errespetuz egiteko distantzia egokia hartzea dela gakoa, ez hurbilegi, ez urrunegi.
Azken astea ekitaldi irekia prestatzeko hartu genuen: Hitzaren Eskolako ikasturteak eman duena kontatzeko eskatu nien bilduma txiki batean, gero horiek Orandan irakurtzeko.
Nire aldetik, esan beharra daukat lehen eguna gogorra egin zitzaidala, menperatzen ez nuen terreno batean nengoelako, baina ikasleek lagundu egiten dizute.
Eta hola ibili naiz, saltoka, pertsonaz pertsona, lekuz leku, Hitzaren Eskola lokaztu honetan.