editoriala

Pieter Bruegelen ustezko koadro batean zerutik itsasoraino erortzen ari den Ikaroren hankak ikusten ditugu hondoratu aurreko unean. Jaitsiera hain dramatikoa izanagatik ere, itsasotik gertu dagoen laborariak jarraitzen du bere lurra lantzen eta artzaina gertakariari bizkar emanez, bere ardiei begira ari da. Apokalipsiaren eszena gaurkotu bat iradoki lezake koadroak, Ikaro ito aurreko istant horretan harrapatuta biziko bagina bezala, jakinda akabera datorrela eta bitartean denak bere horretan iraun dezan goldearekin lantzen ari gara egunerokotasun hauskorra. 

Apokalipsia aukeratu dugu ZIGiZAGa deituriko aldizkari digital honen gai zentrala izan dadin. Hasieran bere jatorrizko esanahi greziarrera hurbiltzea zen gure asmoa, “zerbaiten aurkikuntza, zerbaiten errebelazioa”, baina pilatu ditugun kolaborazio gehienek oharkabean hurbildu gaituzte Bruegelen errebelaziora: hondamendiaren aurreko egunean eszeptizismoz begiratzen duen jendea bilakatu gara. 

Jean-Gabriel Periot zinemagile frantziarrak We are become death  film laburrean bonba atomikoaren sortzaile izandako Robert Oppenheimerren hitzak ekarriko dizkigu aldizkarira: bagenekien mundua ez zela berriz berdina izango. Batzuek barre egin zuten, batzuek negar egin zuten. Zinemagintza mainstreamaren analisia eginez ere ekarri ditugu Ingrid Guardiolaren hausnarketak Aroa Huartek euskaraturik, Prometeoren profeziak egia bihurtzen ariko balira bezala: kapitalismoak ekartzen duen heriotza politikaren aurrean etsi gaitezen ekoizten dira gaur egun hainbeste fikzio eta narrazio. Baina zer egin honen aurrean? Etsipena besterik ezin dugu sentitu? Agustin Arrieta filosofoak, pentsamendu apokaliptikoaren genealogia labur bat eskaintzen digu, bere burua apokaliptiko bezala aurkeztuz. Azken batean, errealismo ariketa bat ere izan liteke apokaliptikoak garela aldarrikatzea. Morrontzari aurre egiteko modu bat.

Arrate Hidalgok humanismo-ostearen itzala dakarkigu, hondamendiaren eszena bruegeldar bat izan litekeena era berean. Norbait dago tomateak landatzen balkoidun pisu batean, gizakirik gabeko mundu batera hurbiltzen garen bitartean. Egunerokotasuna den zurrunbilora eskua emanda eramaten gaitu Uxue Arzelusek bere lerroetan, ziur aski apokalipsia ez delako soilik mito, istorio eta narrazio profetikoen atzean antzematen, egunero hasten den bizitza horren erritmo itogarria bada desastre nahikoa. Ernesto Cardenalen eta Xabi Bordaren olerkietan ere bada zer mamitu, apokalipsiarena sarritan baita paisaian gorpuzten den aldaketa bat, agian hondarrak estalita geratuko diren plazak dendak kaleak errontodak ikusten ditugu etorkizun hurbilean. Nader Koochakik artelan baterako proposamena luzatzen digu eta aipatzen dizkigu irudi pixelatuak eta tximeletak, halako maitasun keinuetan ageri direnak, ez baitago maitasuna bezain gauza apokaliptikorik. Eta Mikel Ruiz Pejenauteren irudi zoragarriek oparitzen digute apokalipsiaren iruditegi indartsu bat bakoitzak ikusi dezan bertan nahi eta ahal duena. 

Ezin edizio hau itxi aipatu gabe Susan Sontagen Fascinating Fascism testuaren itzulpen ezin hobea ekarri digutela Danele Sarriugartek eta Amaia Apalauzak. Apokalipsia ere badelako ate joka dugun esanezineko faxismo uholde hau. 

Gozatu dezazuela guk gozatu dugun bezainbeste hemen aletu ditugun lanekin. Apokalipsi on denontzat. 

Arantza Santesteban 

 

 

Alea
1 | Apokalipsia