Esperimentazioaren emozioa da Sara Fontán, Edi Pou energia polierritmikoa: biek osatzen dute LOS SARA FONTÁN. Proiektuaren hasieratik diskorik ez grabatzeko hautua egin zuten; zuzenekoak bizi ditu: fisikoa, aldakorra, unean unekoa, lekuan lekukoa, industriaren errutina produktibotik ihesi. 

Sarak biolina erabiltzen du abiapuntu gisa, zeinahi testura lortu eta beste hainbeste aldarte sortu asmoz. Estilo eta formatu ugaritan zaildua, egun bere proiektu kuttuna ondu nahian dabil. Horretarako, ondoan dauka Edi Pou (ZA!), perkusioa ferekatik zapart egiteraino eramaten dakiena. Bi urteko ibilbidean Europako hainbat herrialdetan ibili dira, zarataka. 

TAILERRA

Los Sara Fontánek eskainiko duen tailerra inprobisazio gidatuan oinarrituko da. Guztiz parte hartzailea izango da eta norberak ekarritako instrumentua erabiliko dugu sormen dinamika kolektibo batean parte hartzeko. Edozein instrumenturekin parte hartu ahal izango da, norberaren musika jakituria maila edonolakoa izanik ere.

Tailerraren helburuak:

  • Inprobisazio gidatuaren esperientzia ezagutzea.
  • Zuzeneko musika sorkuntza prozesu baten parte izatea.
  • Dinamika kolektibo baten parte hartuz elkar entzun eta batera sortzea.
  • Sortu, ikasi eta batik bat musikaz gozatzea.

 

Inprobisazio tailerrean izena eman.

Kontzerturako gonbidapena eskuratu.